Donostiak azaroaren 16an ostatatuko du “Basque Industry 4.0” kongresua, euskal enpresak Laugarren Iraultza Industrialarekin duen urteroko hitzordua

17 urria, 2016
cabecera-marca-registrada-basque industry 40

  • Arantxa Tapiak Kursaalen aurkeztuko ditu Euskadik 4.0 Industriari buruzko estrategian lortutako emaitzak eta martxan jarritako ekimenak.
  •  Günter Beitinger-ek, Siemens enpresako Fabrikazioko presidenteordeak, bertatik bertara azalduko du nolako esperientzia izan duen multinazional alemanak fabrikazio digitalean. Siemens-ek sortu duen konponbideak hiru dimentsiotan simulatzen eta bistaratzen ditu prozesu industrialak, merkatu egiten ditu proiektu nahiz fabrikazio kostuak eta murriztu egiten du proiektu horiek merkatura iristeko behar duten denbora.
  •  Izena emateko www.spri.eus webgunean sartu behar da.

 

Donostiako Kursaal Jauregiak “Basque Industry 4.0” ekitaldia ostatatuko du datorren azaroaren 16an, hemendik hilabetera. Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRIren bitartez antolatzen duen jardunaldi horrek, 4.0 Industriako erreferente denak Euskadin, bere hirugarren edizioa beteko du aurten. Jardunaldi horretara bildutako enpresek, klusterrek, teknologi zentroek eta unibertsitateek 4. iraultza industrialari buruz eztabaidatuko dute eta, gainera, sustapen-lana egingo da informazio teknologia berriak produkzio prozesuetan txertatzeko.

 

Egingo diren hitzaldi eta mahai-inguruen artean, aipatzekoa da Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantxa Tapiak emango duena, zuzenean aurkeztuko baititu Euskadik 4.0 Industriari buruzko estrategian lortu dituen emaitzak eta martxan jarritako ekimenak. Aipagarria da baita ere bertan izango dela Günter Beitinger, Siemens enpresako Digital Factory Division arloko Fabrikazioko presidenteordea, bertatik bertara azaltzeko nolako esperientzia izan duen multinazional alemanak fabrikazio digitalaren arloan. Siemens-ek sortu duen konponbideak hiru dimentsiotan simulatzen eta bistaratzen ditu prozesu industrialak, merkatu egiten ditu proiektu nahiz fabrikazio kostuak eta murriztu egiten du proiektu horiek merkatura iristeko behar duten denbora.

 

Basque Industry 4.0 jardunaldian eztabaidagai izango da euskal industriaren apustu garrantzitsuenetako bat, eta horretarako, bertarauen aurrean aurkeztuko dira esperientziak, joerak, estrategiak, tailerrak, erakusketak eta adituen ikuspegiak. 4.0 Industriak hainbat teknologia berri barne hartzen ditu, hala nola, fabrikazio gehigarria, robotika kolaboratiboa, sistema ziber-fisikoak, errealitate handitua, cloud computing-a, big data, ikusmen artifiziala edota zibersegurtasuna, eta helburutzat dauka “fabrikazio adimenduna” iristea, hobeto egokiturik baitago produkzio premia eta prozesuetara.

 

Arantxa Tapia eta Günter Beitinger-en hitzaldiez gain, Kursaalen mahai-inguru bat egingo da Titanium, ABB, CIE Automotive, Microsoft eta Gestamp enpresetako zuzendaritza-karguekin. Parte-hartzaileek beren ikuspegia eta esperientzia azalduko dute gai honen egoerari, etorkizunari, estrategiei, giltzarriei, erronkei, eta abarrei buruz teknologietan aditua den kazetari batek moderatutako tertulia batean.

 

Basque Industry 4.0 ekitaldian orobat parte hartuko du makina-erremintaren sektoreko Etxe-Tar enpresa gipuzkoarrak, digitalizazioranzko lasterketaren buruan dagoen konpainietako batek. Bere esperientzia 4.0 Industriaren lidergo eredu gisa aurkeztuko da jardunaldian.

 

Bestalde, bertatu guztiei aurkeztuko zaizkie industria tradizionalen eta startup teknologikoen arteko aliantzen kasu arrakastatsuak, BIND 4.0 StartUP programaren barnean sortuak. Basque Industry Accelerator Program 4.0 ekimenak elkarrekin konbinatzen ditu enpresentzako talentu bilketa eta konpainia gorakorren azelerazioa.

 

Egitaraura biltzen dira baita ere prozesu, produktu eta zerbitzuetan arrakasta lortu duten Elektronika eta Informazio Teknologien (EIKT) sektoreko euskal industria zenbaiten adibideak. Etorkizuneko aurreikuspenei dagokienez, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Teknologi Zentroek iragarriko digute zein aplikazio industrialek aterako dieten etekina teknologia berriei.

 

GAIA Telekomunikazio Klusterraren eskutik, lau tailer praktiko egingo dira bertatik bertara erakusteko gamifikazio teknologien (Errealitatea Birtuala, Errealitate Handitua, Simulazioa…) gaitasunak industriaren aurreprodukzio, produkzio eta produkzio osteko faseetan. Bertaratzen direnek aukera izango dute enpresetan dagoeneko martxan dauden aplikazioekin esperimentatzeko eta teknologia horiek beren antolakundean nola erabili aztertzeko.

 

Ekitaldia osatzeko erakusketa-gune bat antolatu da, non 4.0 Industriarako konponbideak eskaintzen dituzten euskal enpresek beren teknologi eta zerbitzu eskaintza aurkeztuko duten eta harremanak egin ahal izango dituzten enpresa arteko lankidetzak sortzeko. Gainera, ekitaldi guztian zehar aukera egongo da Networking-a egiteko, ikuspuntuak partekatzeko, aurkezpen txartelak trukatzeko eta kontaktuak egiteko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow