Donostiak eko-mugikortasuna sustatzen du Europako proiektu pilotu baten bidez

13 uztaila, 2016
HoPE proiektuak aplikazio mugikorrak garatzen ditu garraiobideen arteko inter-operagarritasuna ahalbidetzeko.

Gipuzkoako hiriburuak bi aplikazio garatu ditu HoPE proiektuaren barruan.

 

Holistic Personal Public Eco-mobility proiektuaren helburua da garraio publikoaren erabilpena sustatzea plataforma teknologiko ireki bat garatuz, zeinaren bidez informazioa emango baita erabiltzaileen premiak oinarritzat hartuta. Ekimen honen bitartez bi aplikazio mugikor eta hainbat zerbitzu garatu dira, hala nola ibilbideak eta bidaiak planifikatzea, txartelak erreserbatzea, tarifak kalkulatzea eta mugikor bidezko ordainketa, hiriko garraio sistema guztiak integratu direlarik horretarako.

 

Europako hiru hiriburu ari dira HoPE proiektua garatzen: Donostia, Atenas eta Covendry. Gipuzkoako hiriburuaren kasuan, bi aplikazio sortu dira: BasqueGo! garraio publikorako ibilbide planifikatzailea, garraiobide desberdinak integratzen dituena eta aukera ematen duena hautatutako ibilbideen tarifak kalkulatzeko; eta Event Planner zerbitzua, zeinak informazioa ematen baitu hirian garatzen diren jarduerei buruz eta baita ere horietara iristeko ibilbideak, erabiltzailearen posizioa abiapuntutzat hartuta. Bi aplikazio horiek proba fasean daude.

 

HoPE proiektuaren ardatz nagusietako bat da inter-operagarritasuna indartzea, hiri inguruneetan mugikortasun sostengarria sustatzeko neurri gisa. Proiektuaren sustatzaileek esan bezala, garraio-sare konplexuek eta ibilbideetan eragina duten aldaketek zaildu egiten dute garraio publikoa erabiltzea, bereziki ibilbideak mistoak direnean. Gainera, erabiltzaile guztien premiak ez dira berdinak; badaude garraiobideak lanera joateko erabiltzen dituztenak, aldian behingo erabiltzeak, eta baita ere turistak. Proiektuaren helburua da operatzaile bakoitzak lehendik dauzkan datuak aprobetxatzea eta integratzea, erabiltzaileentzat errazago izan dadin erabakiak hartzea.

 

Nazioarteko HoPE partzuergoaren barruan daude Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, eta baita ere Espainiako, Alemaniako, Greziako, Italiako eta Britainia Handiko enpresak. Proiektua 2017an amaituko da, 3,5 milioi euroko finantzaketa du eta Europako Batzordearen Information and Communication Technologies Policy Support programaren barruan kokatzen da.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow