Donostiak DSSInnova2016n sartzera animatu ditu enpresak

1 ekaina, 2016
DSSInnova2016 enpresa berritzaileen sarea da.

DSSInnova2016 hiriburutzari laguntzeko sortutako enpresa-komunitate bat da.

Hogeita hamarretik gora enpresa, teknologi zentro, I+G+B-ko zentro eta enpresa-elkarte biltzen dira Donostiaren Europako Kultur Hiriburutzak eta Donostiako Sustapenak bultzatu duten DSSInnova2016 proiektura. Komunitate horren helburu garrantzitsuenak dira Donostia marka eraikitzea eskualde berritzaile gisa, profil berritzailedun enpresa-sare bat osatzea Hiriburutzaren inguruan eta DSS2016 proiektuaren finantzaketan laguntzea.

Ekimenean parte hartzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko ekarpena egitea. Hortik aurrera, enpresa edo zentroa DSSInnova2016 komunitateko kide bihurtuko da. Trukean, antolakunde horiek hainbat abantaila lortuko dituzte: ikusgarritasuna, topaketa profesionaletan parte hartzeko aukera eta zerga tratamendu abantailatsua, egin duten ekarpenagatik.

DSS2016-k eta Donostia Sustapenak sustatu dute komunitatea, Donostia eta Gipuzkoa berrikuntzaren erreferente bihurtzeko, Gipuzkoako profil berritzailedun enpresa, zentro eta enpresa-elkarteen bitartez. Era berean, ikusgarritasuna eman nahi zaio Gipuzkoako enpresa sareari -startup, ETE eta enpresa handiz osaturik dagoenari- gure mugez harago.

DSSInnova2016 komunitatean sartzen diren enpresak Hiriburutzaren babesle bihurtuko dira, eta fitxa pertsonalizatu bat izango dute webean. Horrez gain, beren logotipoak Donostia-San Sebastián 2016 ekimenekin lotutako publizitate eta komunikazio espazio guztietan agertuko dira. Bestalde, komunitateko kide bakoitzak aldi-baterako erakusketa eremu bat baliatu ahal izango du Espazioa 2016 gunean, Hiriburutzaren bulegoaren egoitzan, eta bere proiektuak aurkeztu ahal izango ditu Donostia Sustapenak berrikuntzaren inguruan antolatzen dituen jardunaldietan.

Abantaila gehiago ere baditu DSSInnova2016 komunitateko kide izateak, esaterako, lehentasuna izango dute urtean zehar egingo diren jarduera eta ekitaldietan parte hartzeko orduan. Antolatu diren azken topaketetako bat otsailaren 25eko DSSInnova2016 enpresa komunitatearen jardunaldia izan zen; jardunaldi horretan lantaldeak osatu ziren talentua atzemateko eta hiriaren erronkak gainditzeko balioko duten estrategiak sortzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow