Digipen zentroko ikasleek sari bat irabazi dute Gamelab 2018 sariketan

5 uztaila, 2018

 

Jera bideojokoak Unibertsitateko Joko Onenaren garaikurra irabazi du

Jera neska gazte bat da, fantasiazko antzinako mundu batean girotutako herri lasai batean bizi dena. Baina badaude bertako biztanleen etorkizuna mehatxatzen duten indar batzuk, eta protagonistak basoan sartu beharko du herria salbatzen lagunduko dioten elementu ezkutuak aurkitzeko. Bidean aurre egin beharko die basoko piztiei, baina ez daki bere ekintzek ezusteko ondorioak izango dituztela bere munduan.

 

Horixe da Jera bideojokoak kontatzen duen istorioa. Simulazio Interaktiboko Ingeniaritza gradua eta Arte Digital eta Animazioko Arte Ederren gradua egiten ari diren Digipen Institute of Technology Bilbao zentroko 11 ikaslek sortu dute. Proiektu horrek Unibertsitateko Joko Onenaren saria irabazi du Gamelab jaialdiaren azken edizioan, hau da, Bideojokoaren Industriako Sariketa Nazionalean.

 

“Jera bideojokoak neska baten istorioa kontatzen du. Neska horrek profezia bat entzuten du, esanez bere herria suntsitua izango dela, eta erabakitzen du ezkutuko elementuen bila joatea herria salbatzeko. 2Dn eginiko plataforma-joko bat da, non jokalaria pixkanaka trebatzen baita, elementuak aurkitu ahala” azaldu du Alex Corciak, taldeko kideetako batek. Baina protagonistaren erabakiek eragina dute bere inguruan, beste taldekide batek, Leire Gonzálezek azaldu duen bezala: “aditzera eman nahi dugu gure ekintzek ondorioak dituztela inguratzen gaituen munduan. Hala, konturatu ere egin gabe, jokalariak gauza askotarako bide ematen du, istorioak aurrera egin ahala”.

 

Ikasle-taldea lanean aritu da 7 hilabetez Jera jokoa garatzeko ikasturte osoan zeharreko proiektu gisa. Saria egindako ahaleginaren aitortza izan da: “duela 2 urte gutako gehienok ez genekien ezertxo ere programazioaz, horregatik oso pozik gaude halako proiektu bat egiteko gai izateagatik eta ahaleginaren aitortza jasotzeagatik” azaldu du Alex Corciak. Bideojokoa dohainik deskargatu daiteke Digipen Institute of Technology webguneko galerian.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow