Deep Learning, adimen artifizialaren hurrengo urratsa

23 May, 2017

Ikaskuntza sakonak sare neuronalen funtzionamendua imitatzen du.

Ekainaren 1ean jardunaldi bat egingo da Derion horrelako teknologiak ezagutzeko.

 

Deep Learning teknologiak dagoeneko aplikatzen dira hainbat esparrutan, hala nola itzulpen automatikoan, diagnostiko medikoetan edota gidatze automatikoan. Kontzeptu hori beste urrats bat da ikaskuntza automatikorako bidean. Horrelako konputazioaren bidez makinek posible dute autonomoki ikastea, gizakien gainbegiraketarik gabe. Hala, maila desberdinetako sare neuronalak erabiliz, makinak gai dira zentzua emateko datu kopuru handiei eta gero eta egoera konplexuagoetatik ikasteko.

 

Ekainaren 1ean Deep Learning: adimen artifizialaren iraultza teknologikoa jardunaldia egingo da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia parkean. Tecnaliak antolatu du topaketa, eta SPRIk koordinatu du Bizkaia Enpresa Digitala erakundearen bitartez. Ekitaldiaren helburu nagusia da ezagutzera ematea zer den ikaskuntza sakona eta nolako aukerak eskaintzen dituen. Antolatzaileek diotenez, zabalkuntza betean dagoen esparrua da, zeren enpresentzako deep learning aplikazioak 10.400 milioi dolarreko negozioa izateraino haziko baitira 2024an, eta horrelako teknologiekin lotutako urteko diru-sarrerak 100.000 milioi dolarretik gorakoak izan litezke mundu osoan 10 urte baino gutxiagoan.

 

Aitor Cobanerak –SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak- eta David Sánchezek –Tecnaliako Industria eta Garraio arloko zuzendariordeak- irekiko dute topaketa. Hortik aurrera, jardunaldian hainbat hitzaldi eskainiko dira deep learning zer den azaltzeko eta hainbat esparrutan izan ditzakeen aplikazioak erakusteko. Bertaratuek aukera izango dute horrelako teknologiak baliatu dituzten kasu arrakastatsuak ezagutzeko: uzten gaixotasunak automatikoki detektatzea, piezen fabrikazioko akatsak desagerraraztea edo deskarga egiteko unerik egokiena zein den adierazten duten desfibrilagailuak, besteak beste.

 

Ekitaldia doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da web orriaren bidez, eta bereziki zuzentzen zaie sektore hauetako enpresa industrialei: automozioa, makina-erreminta, robotika, ekipoen fabrikazioa, nekazaritza eta elikadura, zerbitzuak eta sistema informatikoak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow