Dagoeneko posible da robotak begiradaz kontrolatzea

12 May, 2017

Aitor Urzelai eta Estibaliz Hernaez (eskumaldean), ABB eta Irisbond arduradunarekin.

ABB eta Irisbond enpresek gaur aurkeztu dute elkarlanean garatutako aplikazioaren lehen erakustaldi praktikoa. Robotak “eye-tracking” teknologiaz kontrolatzeko gailu bat da eta BIND 4.0 programaren barruan garatutako elkarlanaren emaitza da.

 

ABB eta Irisbond enpresek gaur aurkeztu dute elkarlanean garatutako aplikazioaren -robotak begiradaz kontrolatzeko gailu baten- lehen erakustaldi praktikoa. Bi konpainiek Bind 4.0 programaren babespean garatutako lankidetzaren emaitza da garapen hori. Eusko Jaurlaritzak 2016an abiarazi zuen BIND 4.0 programa, lankidetza sustatzeko startupen eta Euskadin presentzia garrantzitsua duten enpresa trakziogileen artean.

 

Erakustaldian xake-partida bitxi bat jokatu da. Ezgaitasun fisiko handiko pertsona batek naturaltasun osoz jokatu du bere arerioaren aurka. Begiradaz kontrolatu du ABB enpresaren YuMi robota eta robotak mugitu ditu piezak xake-taulan.

 

Aurkezpen ekitaldia Gipuzkoako Teknologi Parkean egin da, eta bertan izan dira, besteak beste, Estibaliz Hernáez, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordea eta Aitor Urcelai, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendaria. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek aipatu dute zein garrantzitsua den enpresa handien eta startupen arteko lankidetza aro digitaleranzko trantsizioa egiteko eta Euskadiko industria-sarearen lehiakortasuna hobetzeko.

 

ABB eta Irisbond enpresek Bind 4.0 programaren baitan hasi zuten beren lankidetza, robotak “eye-tracking” teknologiaz kontrola zitezkeen aztertzeko. YuMi, ABBren bi besoko robot kolaboratiboa, aukera bikaina izan zen ikusmen bidezko kontrol-teknologia probatzen hasteko, erabat integratzen baita ingurune digitalean, eta bere ezaugarriak direla medio, gizaki-makina elkarreragina guztiz segurua bihurtzen delako.

 

Konponbidea “Webtracker” softwarean oinarritzen da, zeinak aukera ematen baitu ordenagailuak kontrolatzeko webcam bidez monitorizatutako begien mugimenduekin. Sistema horrek aurpegiaren eta begien posizionamenduan oinarritutako algoritmo sofistikatuak baliatzen ditu, erabiltzaileak gai izan daitezen robotarekin elkarreragiteko eta robota modu naturalean kontrolatzeko.

 

Ikerketa horrek aplikazio berri ugari ekarriko ditu robotika industrialaren arlora, bereziki gizaki-robot robotika kolaboratibora, aukera berriak sortuko direlarik ezgaitasuna duten pertsonak lan munduan sar daitezen. Datozen hilabeteetan ABB eta Irisbond enpresek elkarlanean jarraituko dute etorkizun handiko proiektu honetan.

 

Irisbondi buruz

Irisbond konpainiaren helburua da ingurunearekiko komunikazio naturala bultzatzea begiradaren bidez, posible egiten duelarik mugak dituzten pertsonen komunikazio-eskubidea eta hobetu egiten duelarik usagarritasun esperientzia. Irisbondek eye-tracking (bideokulografia) teknologian oinarritutako sistemak garatzen ditu eta hainbat sektoretan aplikatu, hala nola, irisgarritasunean, integrazio industrialean edota aplikazio zientifikoetan.

 

ABBri buruz

ABB (ABBN: SIX Swiss Ex) lider teknologiko aitzindaria da elektrifikazio, robotika eta zinematika ekipoetan, automatizazio industrialean eta sare elektrikoetan, eta mundu osoko zerbitzu publikoak, industriak, garraioak eta azpiegiturak ditu bezerotzat. 125etik gora urte gora igaro ondoren berrikuntzan-lanean, gaur egun digitalizazio industrialaren etorkizuna idazten ari da, eta iraultza energetikoa eta laugarren iraultza industriala bultzatzen ditu. ABBk 100 herrialde baino gehiagotan lan egiten du eta 132.000 langile inguru dauzka.

 

Bind 4.0 programari buruz

BIND 4.0 nazioarteko azelerazio programa berritzaile bat da, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadin presentzia duten enpresa industrial garrantzitsuenek lideratua. Industriarako konponbideetan diharduten enpresa teknologiko berriei zuzentzen zaie, eta aukera ematen die enpresa industrial liderrekin lankidetzan jarduteko eta bezero-hornitzaile harremana sortzeko Mercedes Benz, ABB, CAF edota Michelín bezalako enpresekin. Horrez gain, laguntza-programa oso bat eskaintzen die.

 

41 herrialdetako 257 enpresa aurkeztu ziren BIND 4.0 programaren lehen ediziora, eta horietatik 11 startup aukeratu ziren, zeintzuek 16 proiektu garatu baitituzte konpainia industrial handientzat.
Datorren uztailean hasiko da programaren bigarren ediziorako deialdia.