Harresi barruan gelditzea harresia eraistea baino arriskutsuagoa denean

14 ekaina, 2016
Roca Salvatella enpresaren fundatzaileak kultura digitalarekin lotutako aldaketak izan zituen hizpide.

Genís Roca Bilbon izan zen ekainaren zortzian, eta “Pertsona Handitua” hitzaldia eskaini zuen.

Bartzelona harresiz inguratuta egon zen XIX. mende erdira arte, kanpoko arriskuetatik salbu, beste hainbat hiri bezala. Iraultza Industrialak, ordea, hainbat berrikuntza eta etengabeko informazioa ekarri zituen berekin, eta, ondorioz, kaltegarriagoa zen barruan gelditzea kanpora irtetea baino. Horregatik, eraitsi zituzten harresiak.

 

Metafora horixe erabili zuen mundu digitalaren eta IKTen arloko espezialista Genís Rocak SPRIk Bilbon antolatutako “Pertsona Handitua, IKT erabilerari esker gure ahalmen profesionalak garatzeko aukerak” hitzaldiari hasiera emateko. Horrela azaldu zuen Rocak enpresek ezin dutela bazterrean utzi eraldaketa digitala.

 

Prestakuntzaz arkeologoa izaki, Interneten kronologia egin zuen bere hitzaldian, hiritarren eskuetara iritsi zenetik hasita. Lehen hamarkadan (1995tik 2005era) enpresentzat bakarrik izan zen, oso lotuta zegoen web ingurunearekin eta informatika sailekin. 2005etik 2015era, berriz, pertsonek okupatutako espazio bihurtu zen, non sakelakoa baitzen protagonista, eta Marketin sailek hartu zuten esparru horren ardura korporatiboa. Hasten ari den hamarkada hau gauzetan zentratuko da, hots, IoT deiturikoan, izan ere, Sarera konektatutako objektuek sortuko dituzte informazio fluxu handienak. Eraldaketa digitalak berriro aldatu ditu joko-arauak eta, Rocaren esanetan, enpresek ezin dute harresi barruan gelditu.

 

Hitzaldian azaldu bezala, “duela 20 urte, nahikoa zen zure negozio-eredu berria teknologian oinarritzea arrakasta izateko, baina, hori ez da lehiakortasun abantaila bat dagoeneko”, “aldaketaren motorra ez da teknologia digitala, baizik eta kultura digitala”. Airbnb enpresa jarri zuen adibide bezala, zeren arrakasta izan baitu ez teknologian oinarritu delako, baizik eta teknologiak ekarri duen aldaketa kulturala ulertu duelako.

 

Azkenik, Genís Rocak esan zuen “etika dela negozio eredu berriak diseinatzeko motorra”, hiritarrek gero eta indar handiagoa baitute informazio fluxuetan. “Bi aukera jarriz gero, jendeak nahiago du balore sistema onena duena”, betiere kontsumitzailearentzat arrazoizkoa bada aukera horren prezioa, aukera hori eskuratzeko modua eta bere erabilpena. “Datozen urteetan, lehiakortasun abantaila eskaintzen duen eredua izango da etika erdigunean kokatuko duena”.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow