CounterCraft-ek kontrainteligentziaren armak aplikatzen ditu mundu digitalean

19 October, 2016

CounterCraft startup donostiarrak irabazi du Emprendedor XXI Euskadi saria.

 

Konpainia handien eta gobernuen datuak lapurtzeko ziber-erasoak gero eta aurreratuagoak dira, eta sarritan defentsarako segurtasun hesiak ez dira gai eraso horiek geldiarazteko. Horregatik, CounterCraft startup-ak estrategia desberdin batean oinarritutako konponbide bat garatu du, kontrainteligentzia digitaleko kanpainak aplikatzen baititu. “Enpresa askok uste dute borroka galdua dutela, eta zerbait desberdina egin beharra dagoela. Eta, hain zuzen, hortxe sartu gara gu, ikuspegi desberdin bat eskainiz”, azaldu du David Barrosok, enpresa donostiarreko zuzendari nagusiak.

 

CounterCraft Donostiako startup gazte bat da, duela urtebete sortua, nahiz eta enpresako hiru bazkideek 15 urtetik gorako esperientzia duten ziber-segurtasunaren munduan. Enpresa horrek zerbitzu berritzaile bat eskaintzen die enpresa handiei eta gobernuei, zeinak engainu teknikak erabiltzen baititu lehiatzaileen edo krimen antolatuko taldeen erasoak detektatzeko eta neutralizatzeko. Lantaldeak hainbat tresna eta estrategia erabiltzen ditu erasotzailea nahasteko, eta informazio faltsua eskaintzen dio, hara sartzen denean bere mugimenduak monitorizatu ahal izateko. “Tranpak jartzen ditugu antolakundetik kanpo eta antolakunde barruan” azaldu du CounterCraft startup-eko zuzendari nagusiak, “baldin eta norbait datuak lapurtu nahian badabil, informazio faltsua ematen diogu, eta lasai sentiarazten dugu, bien bitartean guk nor den eta zein helburu dituen jakiteko”.

 

Lantaldeak kanpaina bat diseinatzen du eraso motaren arabera. Esaterako, antolakunde barruan norbait badago informazio sentikorra ostu nahi duena, barneko aplikazioak eta zerbitzuak zabaltzen dira, datuetara sartzen dena nor den monitorizatzeko. Barrosok beste eraso mota bat ere azaldu du: “gerta liteke gure zuzendaritza-karguen posta elektronikoak erasotzea web korporatibora sartzeko pasahitzak lapurtzeko. Kasu horretan, gezurrezko zuzendaritza-kargu baten figura sor dezakegu, baina itxura erreala emanda: posta kontu bat, nortasun digital bat… orduan ikus dezakegu nolako erasoak jasaten dituen, eta horren arabera jokatu”.

 

Tranpak sortzeko askotariko tresnak baliatu daitezke, besteak beste, dokumentu faltsuak, aplikazio mugikorrak, nortasun sozialak edo konpainiako wifi-ra sartzeko puntuak. Denek dute helburu bera: sarkina engainatzea bere nortasunari eta bere asmoei buruzko ahalik eta informazio gehien erauzteko.

 

Miramon teknologi zentroan kokatutako CounterCraft enpresak hainbat bezero ditu, eta oraingoz beta bertsioa bakarrik garatu duen arren, 2017ko urtarrilean bertsio berria merkaturatzea espero du. Europako eta Ekialde Ertaineko zenbait enpresaren interesa piztu dute, eta segurtasun indarrekin ere kolaboratzen ari dira teknika horiek aplika ditzaten, esaterako, haurren pronografia edo terrorismo islamikoa detektatzeko.

 

Startup horrexek irabazi du Emprendedor XXI Euskadi sariketaren 10. edizioa. Sariketa horren helburua da hazkunde potentzial handiena duten enpresei laguntzea, eta lankidetzan antolatzen da La Caixa Fundazioaren, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren eta SPRIren artean.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow