Indusmedia Kongresua: weba enpresa industrialen salmenta-tresna gisa

25 urria, 2016
IKongresuaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako Indusmedia ekitaldian ikustera eman dira Internetek enpresen negozioa handitzeko eskaintzen dituen aukerak.

 

“Interneten ez bazaudete beste batzuk sartuko dira zuen ordez”, dio Fernando Muñoz aholkulariak. “Gure weba da daukagun katalogo onena, mezu garrantzitsuenak biltzen dituena”, azpimarratu du Carlos Pujanak, Izar Cutting Tools enpresako zuzendari kudeatzaileak.

 

Webak produktu industrialak saltzeko beste tresna bat dira. Ideia horixe azaldu da Indusmedia 2016 ekitaldian, SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) Enpresa Digitala zerbitzuaren bitartez antolatzen duen enpresa industrialei zuzendutako marketin digitalari buruzko kongresuaren seigarren edizioan. Oronak Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Hernanin) duen egoitzan eginiko ekitaldi horretan agerian jarri dira marketin digitalaren potentzialtasun handiak.

 

Aitor Urzelaik, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen zuzendariak, eman dio hasiera kongresuari, hizpide harturik Jaurlaritzak 2020ra arteko agenda digital berrian dituen zereginak, hala nola teknologia berriak bultzatzea enpresetan, gizartean, administrazioetan eta lurraldeetan.

 

Sr Muñoz enpresako Fernando Muñoz aholkulariak ekonomian gertatu diren aldaketa handiak aipatu ditu. “Lehen, enpresa handiek txikiak jaten zituzten; orain, azkarrenek motelenak jaten dituzte. Ez bazaudete Interneteko txokoren batean, beste batzuk sartuko dira”, esan du.

 

Muñozek nabarmendu du SEO bat (weba hobetzea helburu duen profesionala) dela “komertzial onena, dirua dakarrelako negozioarentzat”, eta baita ere esan du “makinentzat optimizatu beharra dagoela, baina beti  kontuan izanik erabiltzailea, makinek ez baitute ezer erosten”. Orobat esan du zein garrantzitsua den enpresa industrialen webak azkar kargatzea. “Eduki bat kargatzeko bizpahiru segundotik gora behar badira, erabiltzaileak ospa egiten du. Segundo eta erdi inguru oso karga-denbora ona da. Amazonek dio atzerapeneko segundo bakoitzeko salmenten %10 galtzen dela”.

 

Overalia enpresako Guillermo Villaroig-ek esan du konpainietako salmenta eta marketin sailek lankidetzan jardun behar luketela, “nahiz eta askotan ezin duten elkar ikusi”. “Funtsezkoa da salmentak eta marketina uztartzea. Eta, baita ere, Internet bidezko inpaktua eta salmenta sare tradizionalaren inpaktua batzea. Enpresa azkarrak %36 errentagarriagoak dira”.

 

BIC Berrilan-eko (enpresen berrikuntzarako zentro publikoa) Marian Gabilondok hizpide hartu du Bind 4.0 programarekin garatu duten kanpaina, helburutzat daukana startup-en garapena azkartzea enpresa industrialekin lankidetzan, enpresa horiek talentua eraman dezaten beren enpresetara ekintzaile berri horien bitartez.

 

Saunier Duval 2x14x8000 kanpaina egin duela Juanito Oyarzabalekin arrakastatsu izan da

 

Saunier Duval enpresako Imanol Albak azaldu du bere konpainiak 2x14x8000 kanpaina egin duela Juanito Oyarzabalekin, berau izan dadin  8.000 metrotik gorako 14 mendiak birritan igo dituen mendizale bakarra.

 

“Webgune bat, sare sozialak eta komunikabide masiboak erabiltzen ditugu. Ekintza puntual guztiek jaso dituzten bisitak aztertu ditugu. Webean, gaurkotasuneko albisteez gain, erreportajeak eta prentsa-oharrak egin ditugu, eta sare sozialak landu”. Esan du ekimena arrakastatsua izan dela: “912 aldiz agertu gara komunikabideetan, 36.000 erreprodukzio izan ditugu YouTuben, eta gure markak Interneten duen trafikoa %20 handitu da”.

 

Carlos Pujanak, 200 langile dituen Izar Cutting Tools ETEko zuzendari kudeatzaileak, esan du 2000. urtean sortu zutela lehen weba, baina geroztik lau desberdin egin dituztela. “Hain gaude pozik, salmentarako tresna bihurtu dugula. Daukagun katalogo onena da, mezurik garrantzitsuenak biltzen dituena. Weba salmentarako tresna bat da”. Pujanak dio “behin ohartu ondoren presentzia galdu dugula webean”, azterketa fase bat hasi dutela galera horren arrazoiak identifikatzeko. Horretarako, datu zehatzagoak aztertzen dituzte: nortzuk diren bisitariak, nola elkarreragiten duten, eta zeintzuk diren internautek gehien begiratzen dituzten produktuak.

 

Idoia Matas, ABB multinazionaleko Komunikazio eta Marketin arduraduna, Niessen markaren kasuaz mintzatu da: “ikusi genuen harreman arinagoa behar genuela bezeroekin, markari ikusgarritasuna eman behar geniola Interneten, eta hobeto iritsi behar genuela preskribatzaileengana”. Gomendatu du markaren analisi sakona egitea, lehiaren egoera ondo aztertzea, aukerak detektatzea eta ekintza zehatzak aurreikustea, datak finkatuz eta neurketa plan bat eginez. “Markaren weba egin genuen, eta sare sozialetan sartu ginen, sare bakoitzarentzat erabiltzaile profil desberdin bat eginda. Orain posizionamendua hobetu behar dugu, Instagram eta Pinterest sareetan sartu behar dugu, eta, pixkanaka, blog bat osatzeko edukiak bildu”. Matasek gomendatu du ez egotea bat-bateko emaitzen esperoan, garrantzia emateko “jomuga-publikora” hurbiltzeari eta kalitatea lehenesteko kantitatearen gainetik.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow