Euskadiko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoak eta Elkarteak 5G sareen aldeko apustua egin dute

13 apirila, 2016
5G sareek goitik behera aldatuko dute telekomunikazioen mundua.

5G sareen belaunaldi berria 2020an sartuko da merkatuan

4G sareak errotuta dauden honetan, dagoeneko hasi da garatzen datu mugikorren sare belaunaldi berri bat, zeinak goitik behera aldatuko baitu telekomunikazioen mundua, bereziki Gauzen Interneten esparrua. Euskadiko Telekomunikazio Ingeniarien Elkarteak, AITPV-EHTIEk eta Euskadiko Telekomunikazioen Elkargo Ofizialak kontzientziazio kanpaina bat hasi dute 5G sareen potentziala ezagutzera emateko.

Ericsson enpresak eginiko azterlanaren arabera, bereizgarri bezala esan liteke sare horiek banda askoz zabalagoa dutela, 12 Gbp-tik gorako datu transferentzia-tasak erdietsi ditzaketelako. Bestalde, sare berriekin murriztu egingo da latentzia, hots, dispositiboek informazioa trukatzeko behar duten denbora. Horri esker, askoz datu gehiago transmititu ahal izango dira askoz denbora gutxiagoan, eta dispositiboen arteko konexioa errazagoa izango da, teknologia hori bereziki baliagarria izango delarik Gauzen Interneten oinarritutako zerbitzuentzat.

Euskadiko Telekomunikazio Ingeniarien Elkarteko presidente eta Euskadiko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialeko dekano Alvaro Ubiernak esan bezala, 5G sareekin posible da “IoT garatzea, hau da, mota guztietako objektuen arteko bat-bateko konexioa, eta horrek askoz errazago, seguruago eta sostengarriago egingo du gure bizitza”. Estandar berri horrek dispositibo mugikorren energia kontsumoa murriztuko du, eta bateriek 10 aldiz gehiago iraungo dute. Ubiernaren iritziz, 5G sareek berrikuntza ugari ekarriko dituzte, batik bat, automozioaren sektorera, non V2V komunikazioa –vehicle to vehicle- azkartuko baitute istripuak saihesteko eta gidatze autonomorantz aurrera egiteko.

Mundu osoan esponentzialki hazi da datu trukea, eta joera horri erantzuteko sortu da sare mugikorren belaunaldi berri hau. Gartner aholkularitzak dioenez, 2015ean 4.900 milioi dispositibo zeuden konektatuta eta 2020rako 20.800 milioira iritsiko da zifra hori. Adituak bat datoz esaten dutenean horrelako teknologiak 4 urte barru hasiko direla agertzen merkatuetan.

Ingeniari Elkartearen eta Elkargoaren arabera, agente guztien arteko lankidetza ezinbestekoa izango da teknologia estandar berri horrek arrakasta izan dezan; horrez gain, software eta ezagutza iturri irekien aldeko apustua egin beharko da berrikuntza eta konponbideen garapena bultzatzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow