Codesyntax eta Zermik enpresek software librea aplikatu diote 4.0 Industriari

30 ekaina, 2016
Bi enpresek software librea aplikatzen dute sistema txertatuetan.

Bi enpresa horiek software eta hardware irekia ezartzen ari dira beren sistema txertatuetan.

 

IKT zerbitzuetan espezializatutako Codesyntax konpainia eta IK4-Ikerlan talde teknologikotik sortutako Zermik ingeniaritza lankidetza-proiektu bat gauzatzen ari dira, zeinaren bidez Gauzen Internetekin lotutako proiektuak garatuko baitituzte software eta hardware libreak erabiliz. Azken bi urteotan hainbat proiektu abiarazi dituzte 4.0 Industriaren, hiri adimendunaren, osasun zaintzaren eta nekazaritzako elikagaien sektorearen arloetan.

 

Bi enpresek adierazi dutenez, iturri irekiko software eta hardwarea erabiliz, hau da, kode irekiko katalogo zabala baliatuz, nabarmen murrizten dira garapen kostuak, prozesuak azkartzen dira eta pertsonalizazio maila handiagoa lortzen da. Gainera, software librean oinarritutako sistemak masiboki txertatu daitezke hainbat dispositibo elektronikotan, eta hori ezinbestekoa da objektuak gero eta konektatuago dauden ingurune honetan.

 

“Bi enpresok badugu esperientzia software eta hardware librearekin” azaldu du Eneko Astigarragak, Codesyntax enpresako bazkide zuzendariak. “Software eta hardware librearen abantaila garrantzitsuenetako bat da aukera ematen duela lehendik garatuta dagoen jakintza aprobetxatzeko eta jakintza horri beste esparru batzuetako ezagutza berriak txertatzeko, kode irekiko teknologien erabilpena asko zabaltzen ari baita eta ez bakarrik industrian, baita ere autoen sektorean edo bankan”. Lankidetza honen bidez, Codesyntax enpresak Internet zerbitzuen arloan daukan ezagutza jartzen du eta IK4-Ikerlan taldeko spinoff-ak, berriz, elektronikan eta sistema txertatuen garapenean duen esperientzia.

 

Nekazaritzako elikagaien sektorean bi enpresak IG4rekin ari dira lanean, ingurumena monitorizatuko duen eta mota guztietako sentsoreetara egokiturik egongo den plataforma bat sortzeko. Hiri adimendunen esparruan, berriz, Ermua Mugi proiektua daukate martxan. Projekta erakundeak garatutako zerbitzu pertsonalizatu bat da, zeinaren bidez kontatu egin baitaitezke hiritarrek oinez eginiko joan-etorriak. Ekimen horren helburua da ohitura osasuntsuagoak sustatzea. Osasun industriari dagokionez, bi produkturekin ari dira lanean: medikamenduen dosifikazio pertsonalizaturako Medical Dispenser sistema (Fagor Healthcare enpresarekin batera) eta Nystagmeter, oreka nahasteak azkar diagnostikatzen dituen kostu baxuko gailua (Ekide eta Mondragon Unibertsitatearekin batera).

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow