Espazio adimendun bihurtutako kultur zentroak

6 iraila, 2016
Azkuna Zentroak Europako SmARTplaces proiektuan parte hartzen du.

SmARTplaces ekimenak IKTetan oinarritutako estrategia berriak garatuko ditu.

 

Museoek eta kultur zentroek ezinbestean buruzkatu behar duten gizarte digital hau etengabe aldatzen ari da, bai teknologien arloan eta bai kultura kontsumitzeko ohitura berrietan. Tresna teknologikoak ez ezik, aro digitalak modu berriak ere ekarri ditu elkarreragiteko, edukiak eskuratzeko eta ezagutza trukerako sareak sortzeko.

 

SmARTplaces proiektuaren helburua da ahalik eta gehien aprobetxatzea IKTek duten potentziala kultur zentroak audientzia berrietara irekitzeko, eta lotura berriak sortzea erakundeen eta hiritarren artean. Ideia hori oinarri harturik, museo, ikerketa-zentro eta enpresa teknologikoz osatutako partzuergo bat sortu da, elkarlanean ari direnak estrategia eta konponbide teknologiko berriak garatzeko. Europako zortzi herrialdetako hamar bazkide daude proiektuan, besteak beste, Bilboko Azkuna Zentroa eta Zaragozako Etopia Arte eta Teknologia Zentroa.

 

“Dagoeneko museo askok dauzkate aplikazio propioak edo sare sozialetako espazioak, baina merkatura teknologia berri bat ateratzen den bakoitzean, zer egin ez dakitela gelditzen dira” azaldu du Dortmunder U zentro alemaneko (proiektuko liderra) Jasmin Vogel-ek, “erreakzionatu egiten dute ekintzara jo beharrean, eta guk ekintzailetzarako gaitasun hori garatu nahi dugu, ezagutza sortu nahi dugu kultur erakundeen barruan”.

 

SmARTplaces programa, Europako Batzordeak finantzatzen duena Creative Europe programaren barruan, 2014an abiarazi zen eta 2020an amaituko da. 6 urte horietan, asmoa da kultur zentro guztiek partekatu eta egokitu ahal izango duten estrategia bat garatzea eta ekimen pilotuak abiaraztea hainbat erakundetan. Maila praktikoan, gamifikazioa eta errealitate handitua aplikatuko dira espazio fisikoetan bisitari berriak erakartzeko, dispositibo interaktiboak garatuko dira artelanak beste era batera esperimentatzeko, bai museo barruan eta baita ere kanpoan, eta kultur organismoentzako sare bat sortuko da ezagutzak eta edukiak trukatzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow