2016ko Buber Sariek euskal web eta aplikazio onenak saritu dituzte

28 azaroa, 2016
Sariak Bilboko Itsas Museoan eginiko ekitaldi batean banatu ziren.

Bederatzi proiektu saritu dira aurkeztutako 150 hautagaitzen artean.

 

Buber Sarien 14. edizioak baditu garaileak. Azaroaren 24an Bilboko Itsas Museoan egin zen ekitaldi batean iragarri ziren bederatzi kategoriatan aukeratutako web eta aplikazioak. Sari horien helburua da ikusgarri egitea enpresek, pertsonek eta antolakundeek egiten duten ahalegina Informazio Gizarterantz aurrera egiteko bidean.

 

Software libreko proiektu onenaren kategorian, lehen saria lortu du MoveOnTracker doako aplikazio mugikorrak, entrenamenduak eta kirola egiteko diseinatutako aplikazioak. Enpresen nazioartekotze eta garapen kategorian, Spiuk proposamenak irabazi du, kirol arropa eta osagarrien salmentan espezializatutako atariak; proiektu berritzailearen sariaren irabazlea Área Vip del Athletic onlineko espazioa izan da, klubak zelaian eskaintzen dituen vip zerbitzuei buruzkoa.

 

Saltoki onenaren saria MisohiNutricion onlineko produktu dietetikoen dendarentzat izan da, eta lehen sektore, makina-erreminta eta industria sektoreetako saria Baratze Parkearentzat, hots, Gipuzkoako baratze ekologikoen sarearentzat. Bestalde, Gasteizko merkatuan jarduera eno-gastronomikoak bultzatzen dituen Abastos Fundazioak gastronomia eta turismo saileko saria jaso du.

 

Goiener energia berriztagarriak sortu eta kontsumitzeko kooperatibak parte-hartze hiritarraren saria irabazi du, eta proiektu sozial onenaren saria Aspanovas – Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkartearentzat izan da. Azkenik, bikotea bilatzeko Kaixo Maitia aplikazioak lortu du euskarazko proiektu onenaren saria. Ekitaldi horren barruan ohorezko Buber saria jaso zuen Maite Goñik, hezkuntzarako teknologia digitaletako aditu eta Mondragon Unibertsitateko IKTetako aholkulari pedagogikoak.

 

Buber Sariak Internet & Euskadi elkarteak sustatzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Aurtengo edizioan ia 150 hautagaitza aurkeztu dira, eta 6.000 lagun inguruk Internetez bozkatu dute finalistak aukeratzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow