BiscayApp lehiaketak ideia berritzaileak behar ditu aplikazio mugikorrak egiteko

11 apirila, 2018

 

Lehiaketan parte hartu nahi duenak ekainaren 30era arte eman dezake izena.

BiscayTIK, Beaz eta SEED CAPITAL erakundeek abian dute BiscayApp lehiaketa, zeinaren helburua baita aplikazio mugikor berritzaileen sorkuntza sustatzea. Lehiaketa hori enpresei, lantaldeei eta norbanakoei zuzenduta dago, eta berdin aurkeztu daitezke funtzionatzen duten aplikazioak, garapen fasean dauden proiektuak nahiz fase aurreratu batean dauden ideiak.

 

BiscayApp lehiaketan parte hartzeko, proiektuak lotura izan behar du lehiaketako lau kategorietako batekin. Aurtengo edizioan lau gai garrantzitsu daude: Silver Economy (hau da, pertsona nagusien premia espezifikoak asetzeko produktuak eta zerbitzuak), datuen analisia, energia eta 4.0 Industria. Hona hemen lau kategoria horietara aurkeztu daitezkeen aplikazioak: publiko orokorrari zuzendutakoak, sektoreko enpresentzat pentsatutakoak edo erabiltzaile profil zehatzentzat eginak.

 

Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik egongo da ekainaren 30era arte. Epaimahai espezializatu batek bi aplikazio finalista aukeratuko ditu kategoria bakoitzean, hainbat irizpide kontuan hartuta, besteak beste, hauek: usagarritasuna, inpaktu ekonomiko eta soziala, eta ideiaren berrikuntza-maila. Urrian egingo da sari-banaketa ekitaldia, non 2.000 euroko sariak emango baitzaizkie kategoria bakoitzeko irabazleei. Gainera, aplikazio onenak 10.000 euroko sari berezi bat irabaziko du, eta BEAZ eta SEED CAPITAL erakundeek eskainitako hazkuntza-programa bat egin ahal izango du aplikazioa garatzeko.

 

2017ko edizioan ehundik gora proposamen aurkeztu ziren. TTS proiektua izan zen irabazlea; hizketarako ezgaitasuna duten pertsonei zuzendutako aplikazio mugikor bat da, aukera ematen diena erabiltzaileei ahots bihurgailu baten bidez komunikatzeko. Aplikazio hori Aholab ikerketa-taldeak garatu zuen UPV/EHUk Bilbon duen Goi-mailako Ingeniaritza Eskolan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow