BIMEk bultzada bat ematen dio emakumeek musikaren industrian duten paperari

26 October, 2017

Kongresua Europako Keychange programako bazkideetako bat da.

 

Egun hauetan Bilbao Exhibition Centre-n egiten ari den BIME Pro-Musikaren Industria eta Teknologia Berrien topaketaren barruan, jardunaldi bat antolatu da sektoreko emakumeen ikusgarritasuna sustatzeko. Kongresu horretan aurkeztu dira Keychange ekimena eta MIM-Musikaren Industriako Emakumeen elkartea.

 

Nahiz eta emakume ugari dauden musika eskoletan eta prestakuntza zikloetan, gizonezkoak dira nagusi musikaren industrian. Keychange ekimena bultzatu duen PRS Foundationek emandako datuen arabera, autore eta konposatzaileen %20 baino ez dira emakumezkoak, eta presentzia txikiagoa dute musika egitarau eta jaialdietan. Bestalde, teknikarekin edo lidergoarekin lotutako paperetan, ordezkaritza are txikiagoa dute.

 

Horregatik, Britainia Handiko fundazio horrek Keychange proiektua jarri du martxan, 200.000 euroko aurrekontuarekin eta Europar Batasunaren laguntzarekin (Creative Europe ekimenaren bitartez). BIME da programa horretako bazkideetako bat, zeinak helburutzat baitauka sektoreko emakumezko sortzaile eta ekintzaileen talentuan inbertitzea. Horretarako, finantza-laguntza emango du sorkuntza proiektuetarako eta beste emakumezko profesional berritzaile batzuk osatzen duten sare zabalarekin lan egin ahal izateko. Halaber, ekimen honek aukera ematen die aukeratutako emakumezko sortzaileei Keychange ekimeneko jaialdietan parte hartzeko. Programaren lehen ediziorako Estonia, Alemania, Islandia, Espainia, Suedia, Kanada eta Erresuma Batuko 30 artista eta 30 berritzaile aukeratu dira.

 

BIME Pro kongresuan aurkeztu dira Keychange programa eta Estatutik parte hartuko duten 10 profesionalak. Europako proiektu batean parte hartzen duenez, BIME jaialdiak Keychange programaren lehen edizioan aukeratutako emakumezko artista batzuk sartuko ditu datorren urteko egitarauan eta sektoreko emakumezko ekintzaileek hitzaldiak emango dituzte BIME Pro programaren barnean.

 

Kongresuan eztabaidarako espazio bat ere egin da, MIM elkarteak bultzatuta. Musikaren Industriako Emakumeen elkartea 2016an sortu zen, sektorean lan egiten duten emakumezko profesionalei ikusgarritasuna emateko ikuspegi desberdinetatik. Bi mahai-inguru egin dira, eta gai hauexek landu dituzte: teknikari eta produkzio postuetan dagoen emakume eskasia, eta musikaren industriako ekitaldi eta jaialdietan gizon eta emakumeen presentzia orekatuagoa lortzeko estrategiak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow