Bilbok Global Game Jam 2018 jardunaldian parte hartuko du

27 abendua, 2017
Global Game Jam ekimenaren logoa.

 

Topaketa hori urtarrilaren 26tik 28ra egingo da Azkuna Zentroan

Global Game Jam jokoak sortzeko 48 orduko maratoi bat da eta urtero egiten da munduan barrena dauzkan egoitzetan. Ekitaldi horretan elkarrekin batzen dira bideojokoetan interesatutako profil desberdinetako pertsonak, sormena, berrikuntza eta lankidetza sustatzeko.

 

Bilbon egongo da topaketaren egoitzetako bat, Azkuna Zentroan, eta izena emateko epea zabalik dago jadanik. Inskripzioa dohainik da. Ekitaldia, eta Global Game Jam osatzen duten topaketa guztiak, profil oso anitzei zuzenduta daude, helburua baita diziplina anitzeko taldeak sortzea. Hala, jokoak sortzeko maratoi horretan parte har dezakete sektore askotako (programazioa, artea, zientzia…) pertsonek, eta baita ere bideojokoak atsegin dituen eta taldean lan egin nahi duen edonork. Gainera, ez da talde osatu bat behar izena emateko, jam horren lehen zatian gune bat egongo baita ideiak plazaratu eta lantaldeak sortzeko.

 

Urtero bezala, jokoak gai zehatz baten inguruan sortu beharko dira, eta maratoiaren hasieran adieraziko da zein den gai hori. Hortik aurrera, lantaldeak sortuko dira eta parte-hartzaileek 48 ordu izango dituzte ideia proiektu zehatz bihurtzeko. Bukatutakoan, Global Game Jam plataforman argitaratuko dira sorkuntza guztiak, Creative Commons lizentziak erabiliz.

 

Ekimena 2009an sortu zen, eta harrezkero mundu osora zabaldu da, dagoeneko badituelarik 36.000 parte-hartzaile, 700 egoitza eta 7.000tik gora joko berri. Boluntario talde txiki batek bultzatzen du proiektua, baina egoitza bakoitzeko maratoia tokian tokiko boluntarioek antolatzen dute. Topaketetan ez da lehiakortasuna bultzatzen, game jam horien helburu nagusia baita esperimentazioa eta lankidetza sustatzea, berrikuntza bultzatzeko bideojokoen sektorean.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow