Bilbok eta Gasteizek Scratch Eguna ospatuko dute familia guztiarentzako programazio jarduerekin

13 May, 2015

Interneten Nazioarteko Egunaren karietara, datorren maiatzaren 16an “Scratch Eguna” urteroko topaketa antolatuko dute programazioak hezkuntzan duen potentziala ezagutarazteko. Gasteizen eta Bilbon haur eta helduentzako Scratch tailerrak, robotika erakusketak eta teknologiekin lotutako jarduera ludikoak egin ahal izango dira. Internet & Euskadi Elkarteak topaketa bat antolatuko du IKTen erabilpen seguruari buruz.


Scratch ikusizko programazio lengoaia bat da, zeinaren bidez bideojokoak, animazioak edo robotikako proiektu interaktiboak sortu baitaitezke teknologiari buruzko ezagutza handirik izan gabe, interfaze grafiko oso sinplea duelako. Ikaskuntzarako ingurune hori MITeko Media Lab-ek sortu zuen 2007an eta harrezkero mundu osora hedatu da, 8 urtetik gorako haurrak programazioaren munduan sartzeko tresna hezitzaile gisa.

Euskadin bosgarren urtez jarraian egingo da Scratch Eguna; hamabi ikastetxe baino gehiagotako ikasleek egun horretan erakutsiko dituzte ikasturtean zehar tresna hori erabiliz egin dituzten lanak. Topaketa osatzeko, adin guztietako jendeari zuzendutako bestelako jarduera eta tailer irekiak ere egingo dira. Ekitaldia Bilbon eta Gasteizen egingo da maiatzaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren laguntzarekin.

Azkuna Zentroa – AlhóndigaBilbao espazioan familientzako Scratch ikastaro azkar bat antolatuko dute eta baita ere Bilbao Makers erakundeak koordinatutako robotikako eta 3Dn inprimatutako litofaniako tailerrak. Goiz osoan zehar Internet & Euskadi Elkarteak espazio bat jarriko du familia, irakasle zein gazteek IKTen erabilpen seguruari buruz dauzkaten zalantzak argitzeko, eta batez ere dispositibo mugikorretan zentratuko da. Topaketan izango dira baita ere Internet & Euskadi elkarteak argitaratutako jardunbide egokien Mi Primer Smartphone gida egiteko prozesuan parte hartu zuten teknologietako adituak.

Gasteizko Artium museoan ere ikastaro bat egingo da, senitartekoak eta laguntzaileak Scratch lengoaiaren munduan sar daitezen. Horrez gain, GaMakers maker komunitate gasteiztarrak erakusketa bat antolatuko du eta Gasteizko Irakasleen Eskolak Makey-Makey izeneko tailerrak koordinatuko ditu. Makey-Makey kitak plaka batzuk dira, gai direnak pieza batzuk konektatu eta edozein objektu interfaze bihurtzeko. Hala, ordenagailurako teklatuak sor daitezke, fruta piezak, plastilinazko panpinak edo sukaldeko edozein tresna erabiliz.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow