Bilbo OpenMaker hub bat izango da

14 June, 2017

 

Proiektu europar horren helburua da komunitateak sortzea 4.0 Industria bultzatzeko.

Manufaktura funtsezko sektoreetako bat da Europako ekonomiaren barruan, esportazioen %80 ordezkatzen duelako eta 30 milioi lagun baino gehiago enplegatzen dituelako. Une honetan, BPGaren %18 ordezkatzen du, baina EBk helburutzat hartu du 2020rako zifra hori %20raino igotzea, eta horretarako, negozio-eredu, prozesu eta produktu berritzaileak bultzatu behar dira. Premisa horretatik abiatuta, OpenMaker proiektuak konponbide berriak bilatu nahi ditu, lankidetzak sortuz manufaktura sektoreko enpresen eta maker mugimenduaren artean, horrela 4. iraultza industriala azkartzeko.

Horizontea 2020 estrategiaren barruan sartzen den proiektu hori aldi berean jarri da martxan Italian, Espainian, Eslovakian eta Erresuma Batuan. Lurralde bakoitzean OpenMaker hub bat sortuko da, hau da, enpresa industrialen, maker eragileen eta interesatutako beste eragile batzuen arteko lankidetzak bultzatuko dituen laborategi bat. Espazio horretan ezagutza trukatzeko eta prototipoak garatzeko jarduerak antolatuko dira.

Estatu mailan, Tecnalia Research & Innovation zentroa izango da OpenMaker ekimenaren koordinatzailea, eta hub bat jarriko du Bilbon, diziplina anitzeko komunitate berri hori bultzatzeko. Espazio horretan maker eta enpresek aukera izango dute ideiak probatzeko, eta proiektu pilotuak aukeratzeko prozesu bat egingo da horretarako. Balorazio onena lortzen duten bost ekimenek 20.000 euro jasoko dituzte beren proiektuak garatzeko. Gainera, espazioan mintegiak, jardunaldiak eta tailerrak egingo dira, ezagutzak partekatzeko eta tokiko eragileen artean lankidetzazko loturak sortzeko.

Datorren ekainaren 28an aurkezpen ekitaldia egingo da Bilbon, interesatutako komunitate osoari proiektuaren berri emateko. Jardunaldi horretan azalduko da zertan datzan OpenMaker ekimena, eta hainbat adibideren bidez erakutsiko da nola aplikatu daitezkeen teknologia irekiak konponbide berritzaileak garatzeko. Topaketa Yimby espazioan egingo da, eta SPRI Taldeak antolatzen du Bizkaia Enpresa Digitala erakundearen bitartez.

 

OpenMaker

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow