Big Dataren arloko espezialista bihurtzeko aukera

28 azaroa, 2016
Enpresek datu baliagarriak aukeratu eta aztertzeko gai diren espezialistak behar dituzte.

SPRI Taldeak 4.0 Industriara zuzendutako ikastaro bat jarri du abian.

 

Datozen urteetan, mota guztietako enpresek beharko dituzte Big Data arloko espezialista profilak, zeren datuak bildu eta aztertzeko prozesuak produkzio sektore askotara ari baitira zabaltzen, enpresen kudeaketa hobetzeko. 4.0 Industriaren aurrerapenarekin, enpresek Big Data arloko metodologia eta tresnen profesional espezialistak beharko dituzte produkzio prozesuak optimizatzeko, energia kontsumoa murrizteko eta mantenimendu estrategiak hobetzeko.

 

SPRIk Industriarako Big Data ikastaroa jarri du abian Bizkaia Enpresa Digitalaren bitartez, eskaera horri erantzuteko gai izango diren profesionalak prestatzeko. Ibilbidearen helburua da konpainien barruan dauden datuak identifikatzeko eta ustiatzeko gai diren profesionalak prestatzea, informazio baliotsu bihurtu daitezen erabakiak hartzen laguntzeko. Horretarako, egitarau bat diseinatu da erabat praktikoa den metodologia bati jarraiki, zeinak prozesu osoa lantzen baitu, hasi datuak identifikatzetik eta biltzetik eta sortutako informazioa aztertu eta bistaratzeraino. Ikastaroa esperientzia zabala duten 15 profesional prestatzailek emango dute, eta enpresetan aplikatutako kasu praktiko zehatzak ere aurkeztuko dira.

 

Prestakuntza ibilbidearen 6 moduluak.

Prestakuntza ibilbidearen 6 moduluak.

 

Industriarako Big Data ikastaroa profil desberdinetako profesionalei zuzentzen zaie: datu bolumen handiekin lan egiten dutenak, ezagutza horiekin beren profila zabaldu nahi dutenak edota beren enpresan Big Data sistema bat ezarri nahi duten IT eremuko profesional teknikoak. Prestakuntza hori jasotzeko beharrezkoa da oinarrizko ezagutzak izatea estatistikari eta programazioari buruz eta IP helbideratzeari eta portuei buruz, eta baita ere erdi-mailako ezagutzak izatea Windows-Linux ekipoen administrazioari buruz.

 

Ibilbideak sei prestakuntza modulu ditu, 120 ordu presentzial guztira; urtarrilaren 10etik maiatzaren 2ra egingo dira, astearte eta ostegun arratsaldeetan. Klaseak Bizkaiko Teknologi Parkean emango dira, eta izena emateko edo egitaraua kontsultatzeko, ikastaroaren web orrian sartu behar da.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow