Berni, irakurtzeko zailtasunak detektatzeko eta prebenitzeko jokoa

12 urtarrila, 2016
Berni softwareak hainbat jolas dauzka irakurtzen ikasteko zailtasunak ebaluatzeko.

Dislexia idazteko eta irakurtzeko ikaskuntzaren nahastea da. Munduko biztanleriaren %10ak du gaitz hori eta adin goiztiarretan agertzen dira lehen sintomak. UPV/EHUko ikerlari Ainara Romeroren esanetan, 6 urterekin agertzen dira dislexiaren lehen zantzuak, umea oraindik Haur Hezkuntzan dagoenean. Hala ere, hezkuntza premia berezi horiek detektatzeko baliabideak ondorengo etapetan baino askoz urriagoak dira, bereziki euskaraz.

Horregatik, Ainara Romero ikerlariak horri buruzko doktoretza tesia egin du, eta software bat garatu du euskaraz irakurtzen ikasi aurreko zailtasunak ebaluatzeko. Berni proiektua jolas moduan diseinatuta dago. Irakurtzeko eta idazteko ulermenaren zailtasunak detektatzeko funtsezkoak diren bost aldagai aztertzen ditu, eta horrela, aukera ematen du diagnostiko goiztiarra egiteko, haurra irakurtzen ikasten hasi baino lehen. Familiek eta irakasleek Berni.dalata.net web orrian eskura dezakete jolasa.

Softwarea ebaluatzeko, Bizkaiko 7 eskolatako 417 haurrekin egin du lan Ainara Romerok. Horien artean dislexia zantzuak agertzen zituzten 43 ikasle atzeman zituen. Horietatik erdia Berni softwarearekin jolastu zen bi hilabetez, eta zailtasunik ez zuten haurrek ere probatu zuten jolasa. Prozesuaren ostean ikusi zuten nabarmen hobetu zituztela kontzientzia fonologikoa nahiz hitzezko memoria, dislexiaren garapenarekin lotura zuzena duten bi faktore garrantzitsu ikerlariaren arabera.

Berni proiektuaren helburua da haurrek irakurtzen ikasten hasten direnean dituzten zailtasunak murriztea, eta aldi berean, hezkuntza-estrategiak eskaintzea esku-hartze berankorrek eragiten dituzten arazo kurrikularrak eta emozionalak saihesteko. Psikologian eta Haur Hezkuntzan lizentziatuta dagoen Ainara Romerok UPV/EHUko Bilboko Irakasle Eskolako Didaktika eta Eskola Antolakuntzako Departamenduan egin du bere doktoretza tesia.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow