Batzar Digitala 2015: Merkatu Digital Bakarrerantz

7 May, 2015

Europako Batzordearen lehentasun garrantzitsuenetako bat da Merkatu Digital Bakarra eraikitzea, non enpresak eta hiritarrak baldintza berdinetan iritsiko baitira ekonomia digitalak eskaintzen dituen aukeretara. 2015eko Batzar Digitala Rigan (Letonia) izango da ekainaren 17tik 18ra, eta estrategia horren oinarriak ezarriko ditu, zeinak 340 milioi euro sortu baititzake EBko ekonomiarentzat.

Merkatu Digital Bakarrak helburutzat du Europako merkatu bakarraren askatasunak esparru digitalera eramatea. Teknologia digitalek eta haietan oinarritutako ondasun eta zerbitzuek aukera handiak eskaintzen dituzte enplegua eta hazkunde ekonomikoa sortzeko. Dena den, herrialde kide bakoitzak arau eta araudi desberdinak ditu –kontratuak, datuen babesa, copyright legeak edo zergak- eta hesi horrek Europako onlineko merkataritza balaztatzen du, bereziki ETE eta startup-entzat.

Merkatu Digital Bakarraren estrategiaren bitartez ingurune bat sortu nahi da, zeinaren bidez estatu kideetako kontsumitzaile eta enpresek baldintza berdinetan eskuratuko baitituzte teknologia digitalak eta aukera izango baitute online operatzeko baldintza berdinetan, kontuan izan gabe non dauden edo zein herrialdetakoak diren. Horretarako, Europako Batzordeak hainbat lehentasun ezarri ditu: ingurune legal komun bat sortzea eta Europako edozein tokitatik abiadura handiko Interneterako sarbidea emango duten azpiegitura digitalak garatzea.

EBk jakinarazi duenez, 315 milioi europarrek erabiltzen dute Internet egunero, baina kontsumitzaileen %15ak soilik erosi zituen Europako beste herrialde bateko ondasunak edo zerbitzuak 2014an. Onlineko enpresa txikiek gaur egun 9.000 euro inguru ordaindu behar izaten dituzte herrialde bakoitzeko legeei egokitzeko, eta ETEen %7k bakarrik saltzen du bere mugetatik kanpo. Halere, estatu kide guztiek merkataritza elektronikoko araudi berbera balute, enpresen %57 online saltzen hasiko lirateke edo dagoeneko saltzen duten bolumena handituko lukete, hori dio behintzat Digital Single Market estrategiaren txostenak.

Ekainaren 17 eta 18an 2015eko Batzar Digitala egingo da Rigan, One Europe, One Digital Single Market lelopean. Topaketa horretan aurrera egingo dute Merkatu Digital Bakarra lortzeko bidean. Merkatu bakar hori inplementatzeko, lehenik eta behin, telekomunikazioen merkaturako araudi komun bat egin behar da, eta horren ondoren etorriko dira datu pertsonalen babesa bermatzea, estatu kide guztietan kontsumitzaile guztientzako eskubide berdintasuna lortzea eta copyright arau komunak ezartzea.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow