Basquegame Lab guneak Enpresa Lankidetzako saria jaso du

2 urtarrila, 2018
Basquegame gunearen logoa.

 

Laborategi horrek bideojokoen munduko teknologiak konektatzen ditu sektore industrialekin

Basquegame Lab gunea izan da Enpresa Lankidetzako Sariketaren laugarren edizioko irabazleetako bat. Sariketa hori urtero egiten da Klusterren Kongresu Nazionalaren barruan, hau da, enpresa elkarteek Estatuan egiten duten topaketa handienean. Sariek aitortza egiten diete klusterrek bultzatutako proiektu kolaboratibo berritzaileenei.

 

Basquegame GAIA klusterraren barruan dago, Euskadiko bideojokoen sektoreko enpresak biltzen ditu eta helburutzat dauka industriaren garapena sustatzea eta beste jarduera-sektore batzuekin konektatzea. Ikuspegi horretatik aurkeztu zen apirilean Basquegame Lab, gune fisiko bat Bilboko Zabalgune Merkatuan kokatua dagoena. Laborategia bideojokoen sektoreko azken teknologiak erakusteko plataforma bat da, esaterako, errealitate birtuala eta handitua, ukimenezko elkarreragina edota mugimendua atzematea. Asmoa da gune horrek aukera eman diezaiela beste sektore batzuetako enpresa eta profesionalei teknologia horiek probatzeko, bakoitzak bere sektore industrialera aplikatuta, hala nola, automobilgintzara, aeronautikara, energiara edota osasunera.

 

Basquegame Lab bideojokoen sektoreko ikasle eta profesionalei ere zuzentzen zaie, bai prestakuntza ahalbidetzeko eta bai teknologia berriek eskaintzen dituzten azken aukerak ezagutarazteko. Gune horrek Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) laguntza du. Gainera, berriki atxiki zaio Basque Industry 4.0 Estrategiaren Laborategi Sareari.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow