Basque Industry 4.0 topaketaren bigarren edizioa egingo da Bilbon Urriaren 14an

16 July, 2015
Basque Industry 4.0

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta SPRIk antolatutako ekimen honen helburua da enpresei  Laugarren Iraultza Industrialari egokitzen laguntzea eta, hartara, informazio-teknologia berriak integratzea produkzio prozesuetan. Ekitaldian hogei hitzaldi, aurkezpen eta tailer egingo dira eta euren bidez ezagutaraziko dira nazioarteko esperientziak eta puntako enpresen nahiz euskal teknologi zentroen kasu arrakastatsuak. Jardunaldiaren lehen ediziora 640 parte-hartzaile eta 15 erakusle azaldu ziren, eta hedabideen eta enpresen artean piztutako interesak indar gehiago eman zion “herrialde-estrategia” honi. Duela gutxi eratu da hala Euskadin nola Euskaditik kanpo Basque Industry 4.0 estrategiaren zabalkundea lideratuko duen Gidaritza Talde publiko-pribatua.

 

Iazko esperientzia arrakastatsuaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Basque Industry 4.0 Jardunaldiaren bigarren edizioa antolatu du SPRI-enpresen garapenerako agentziaren bitartez. Ekitaldi horren asmoa da enpresei Laugarren Iraultza Industrialari egokitzen laguntzea eta, hartara, informazio-teknologia berriak integratzea beren produkzio prozesuetan. Jardunaldia urriaren 14an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian, Arantxa Tapia sailburua mahaiburu izango delarik.

Ekitaldian hogei hitzaldi, aurkezpen eta tailer egingo dira, eta euren bidez ezagutaraziko dira nazioarteko esperientziak eta puntako enpresen nahiz euskal teknologi zentroen kasu arrakastatsuak. Laugarren Iraultza Industrialari buruzko eztabaida ardatz harturik, foro bakar batean bilduko dira esperientziak, joerak eta “lantegi adimenduna” ezartzeko estrategiak, hots, lantegi adimendun bat bere produkzio prozesuetan Informazio eta Komunikazio Teknologia Berriak (IKT) integratzen dituena eta prozesuak eurak ere elkarren artean konektatuta dituena.

Basque Industry 4.0 jardunaldiaren bigarren edizio honekin indartu egin nahi da Eusko Jaurlaritzak eta euskal industriak egin duten apustua enpresetan 4.0 industria garatzeko, eta bertan ikusiko dira zeintzuk diren Euskadik EBko RIS3 Espezializazio Adimenduneko estrategia lideratzen jarraitzeko ezarri dituen lehentasunak, kontuan izanik gure kasuan estrategia hori hiru alderdi hauetan oinarritzen dela: Fabrikazio Aurreratua, Energia eta Bio-osasuna. Eusko Jaurlaritza administrazio aitzindarietako bat da EBko zuzentarauak aplikatzen. Zuzentarau horiek beharrezko jotzen dute baliabideak eta inbertsioak kontzentratzea lehendik existitzen diren produkzio gaitasunekin eta eskualde edo herrialde bakoitzeko potentzialtasunekin sinergia argiak sor daitezkeen eremuetan.

Jardunaldiaren lehen edizioan 640 parte-hartzaile bildu ziren Bilbon, eta nazioarteko aditu bat ere azaldu zen, Wolfgang Wahlster, Alemaniako Adimen Artifizialeko Zentroko zuzendaria (DFKI, puntako zentro bat 4.0 industriaren arloan aurreratuen dagoen herrialdeetako batean). Erakusketa teknologikoan 15 erakusle bildu ziren, sektoreko produktu eta teknologia aurreratuenetako batzuk erakutsi zituztenak.

Networking-a (bertaratuen artean era guztietako lankidetzak sortzeko balio dezaketen harremanak hasteko aukera) izan zen egitarauko ekitaldi garrantzitsuenetako bat, akreditazio elektronikoko sistema bati esker eta bitarteko bera erabiliz bisita-txartelak trukatzeko aukerari esker. Ekitaldien artean hainbat tailer egin ziren, zeintzuetan modu praktikoan erakutsi ziren aurkeztutako teknologien aplikazioak eta kasu praktikoak.

Bertaratu zen publikoak ia 1.500 txio idatzi zituen jardunaldian, eta mota askotako 340 ekarpen ere egin zituen. Ekitaldiak izandako oihartzunari esker hedabide tradizionalek estaldura zabala eman zioten eta Googlen 150.000 erreferentzia inguru izan zituen jardunaldia egin ondorengo egunetan.

 Basque Industry 4.0 Gidaritza talde publiko-pribatua

Iragan ekainaren 30ean, estrategia hau lideratuko duen Gidaritza Taldea eratzeko ekitaldia egin zen Iñigo Urkullu lehendakariaren presidentziapean.  Batzorde horretan erakunde publiko eta pribatuetako hainbat ordezkari daude, hala nola: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko ordezkariak, Arantxa Tapia sailburua buru delarik; SPRI; Tecnalia eta IK4 aliantza teknologikoak; Innobasque Agentzia; CIC Margune; Mondragon Korporazioa Mondragon Unibertsitatearen bitartez, eta AFM, ACICAE, Gaia eta Energia klusterretako arduradunak. Batzordeko presidentetza errotazioz aldatuko da eta hasieran Antón Pradera, CIE Automotive klusterreko presidenteak beteko du kargu hori.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak oraintsu jarri ditu martxan hiru programa berri teknologia berriak inplementatzeko manufakturako industrietan, ETEetan eta euskal enpresa sarean. Hiru programek (Basque Industry 4.0, Industria Digitala eta Lankidetza Digitala) 5,2 milioi euroko aurrekontua dute eta SPRI Taldearen web orrian eska daitezke (www.spri.eus) . Kopuru hori honela banatzen da: Basque Industry 4.0 programak 2,1 milioi euroko aurrekontua du; Industria Digitala programak, 2,4 milioi euroko aurrekontua; eta Lankidetza Digitala programak, 670.000 euroko aurrekontua.

Programa horiek eta teknologiako programetarako 133,6 milioi eurorainoko zuzkidurak onartu izanak agerian uzten dute Eusko Jaurlaritzaren apustu sendoa Fabrikazio Aurreratuaren alde. Fabrikazio Aurreratuaren aldeko apustu hori Basque Industry 4.0  estrategian mamitzen da, izen bereko jardunaldiaren lehen ediziotik bultzatu zen markan alegia.

Indartu egiten da berrikuntzaren aldeko apustua Fabrikazio Aurreratuaren arloan, elementu kritikoa delako lehiakortasuna mantentzeko industrian  eta balio erantsi handiagoko merkatu-nitxoetan posizionatzeko, bai eta manufakturaren industria indartzeko Euskadiko produkzio-egituran.

Basque Industry 4.0 estrategia bat dator Euskadiko Espezializazio Adimenduneko Estrategiarekin, 2014-2016. Industrializazio Planarekin eta PCTI2020rekin.
Egitaraua eta Izen-ematea  BASQUE INDUSTRY 4.0, euskal industriko “meeting point-a”, hemen

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow