“Basque Industry 4.0” ekintzailetza teknologikora zabaldu da

9 November, 2016
  • Arantxa Tapia Sailburuak BIND 4.0 Programak mundu osoko startup teknologikoak erakartzeko egindako ahaleginaren emaitzak ezagutzera eman eta Euskadiko 4.0 Industriaren erreferentziazko hitzorduaren egitaraua aurkeztu du.
  • Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko puntako hamar konpainiak abiarazitako azeleragailuaren lehenengo deialdi honetan, Euskadiko, Estatuko, Portugalgo, Frantziako, Poloniako eta Indiako 13 startup-en 18 proiekturik berritzaileenak aukeratu dira.
  • Basque Industry 4.0 Biltzarraren programaren barruan, Günter Beitinger Digital Factory Division-SIEMENS AG.-ko fabrikazioko Presidenteordeak parte hartuko du.
  • Inskripzioa hemen egin daiteke: www.spri.eus

 

Basque Industry 4.0”, Euskadiko 4.0 Industriaren erreferentziazko biltzarra, abian izango da berriz ere datorren asteazkenean, azaroak 16, Donostiako Kursaal Jauregian, programari atxikitako berritasun garrantzitsu batez: hirugarren edizio honetan, biltzarra ekintzailetza teknologikora zabalduko da, BIND 4.0 StartUP! Basque Industry Accelerator Program 4.0 azeleragailu publiko-pribatuaren lehen deialdira aurkeztu diren startup teknologikoen artean euskal industria-konpainia indartsuenek aukeratutako proiektuak ikusgai jarriz.

Eusko Jaurlaritzak ABB, CAF, CIE Automotive, DanobatGroup, Euskaltel, Iberdrola, ITP, Mercedes-Benz, Michelin, Microsoft, Repsol-Petronor eta Siemens enpresekin batera abiarazitako programa berritzaile honen emaitzak prentsaurrekoan aurkeztu ditu gaur goizean Arantxa Tapia Sailburuak.
 

BIND 4.0ren lehen deialdiaren arrakasta

Start UP! Basque Industry 4.0 (BIND 4.0) delakoa, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko industria-enpresa nagusiekin batera egindako apustua da, Euskadira ekimen berritzaileak erakartzea xede duena. BIND 4.0 azeleragailu publiko-pribatuak aukera ezin hobea eskaintzen die startup-ei (4.0 industriaren arloko proposamen berritzaileak dituzten enpresa sortu berriei), autonomia-erkidegoan diharduten konpainiarik garrantzitsuenetako batzuekin batera proiekturen bat lantzeko eta bezeroa-hornitzailea formatuko harremanak ezartzeko.

Uztailaren 6an abiarazitako BIND 4.0 programaren lehenengo deialdiak arrakasta handia lortu du, 41 herrialdetako 257 startup aurkeztu baitira, guztira. Aurkeztutako startupen kopuru eta kalitate handiari erreparatuta, hasierako enpresa sustatzaileei Euskadiko beste industria-konpainia batzuk gaineratu zaizkie, hala nola, Fagor Ederlan, Grupo Alcor, Grupo Ulma, Maier edo NEM Solutions. Aurretiaz egindako 52 startupen aurre-aukeraketaren ondoren (horietatik 23 atzerrikoak dira), euskal konpainia handiek 13 statup onenen 18 proiektu hautatu dituzte.

Programaren lehen edizio honetan proiektuak azeleragailuaren barruan garatzeko aukeratu dituzten enpresa sortu berrien (Arabako bi, Bizkaiko hiru, Gipuzkoako bi, Estatuko beste bi, Frantziako bat, Portugalgo bat, Poloniako bat eta Indiako bat) jarduera-esparruei dagokienez, honako hauek nabarmen daitezke: gauzen Interneta delakoa (IoT, ingelesezko siglen arabera) edota begien mugimenduaren jarraipena, pertsona batek zeri begiratzen dion eta zer ikusten duen (eyetracking) zehaztu ahal izateko. Hauxe da Irisbond gipuzkoarraren espezialitatea, eta horren inguruan garatuko du bere proiektua ABB konpainiaren barruan, zeinek errealitate areagotuan diharduen Innovae startup donostiarra ere aukeratu baitu. Azken honek beste proiektu bat garatuko du DANOBAT GROUP makina-erremintako enpresarentzat.

Errealitate areagotuan eta errealitate birtualean espezializatuta dauden Bihartech arabarra eta Creativitic Innova errioxarra, gauzen Internetean diharduen Embeblue nafarrarekin batera aukeratu dituzte, CAF-en barruan beren teknologia gara dezaten. Creativitic Innova MICHELINek ere aukeratu du.

EUSKALTELek, bestalde, Decidata startup bilbotarraren big data proiektua babestuko du; ITPn Zylk Industry startup bizkaitarrak ‘data analytics’ edo datu-kopuru handien analisian lan egingo du. Esparru honen barruan, Hupi startup frantziarra aukeratu du MAIER enpresak, big data eta machine learning delakoa oinarri dituen proiektu bat gara dezan, eta Bigda Solutions arabarrak GASTEIZKO MERCEDES BENZ enpresarentzat lan egingo du. Automobilgintzako konpainiaren Arabako instalazioetan lan egingo du inprimaketa aditiboaren aplikazioetan espezializatuta dagoen Derioko Addimen konpainiak ere, REPSOL PETRONORentzat beste proiektu bat garatzen duen bitartean. Azkenik, Indian sortu berri den Algo Engines konpainiak gauzen Internetean garatu duen teknologia aplikatuko du NEM SOLUTIONS gipuzkoarraren eta Grupo Alcor taldearen lankidetzaz; GRUPO ULMA Glartek startup portugaldarraz interesatu da, eta FAGOR EDERLAN Kontakt.io poloniarraz.

Lehen deialdi honen emaitzek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Basque Industry 4.0 estrategia tinkatu dute; BIND 4.0 euskal ekintzailetza-ekosistema indartu eta Euskadi industria-ekintzailetza aurreratuaren mapan posizionatzeko asmoz sortu da, euskal industriaren eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetuz eta aberastasuna eta enplegua sortuz.

slide-bind40-2016

Deskargatu hemen

 

Azaroak 16: Basque Industry 4.0 Kursaalen

Ekintzailetza dugu, Eusko Jaurlaritzaren Basque Industry 4.0 estrategia eta azaroaren 16an Donostiako Kursaal Jauregian antolatuko den izen bereko Biltzarra osatzen duten arlo nagusietako bat.

“Basque Industry 4.0” Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak antolatu du SPRIren bitartez, eta bertan, enpresa kluster, zentro teknologiko eta unibertsitateen eskutik, 4. Industria-iraultzari buruzko eztabaida sustatu eta ekoizpen-prozesuetan Elektronika eta Informazio Teknologien (EIKT) integrazioa bultzatuko da.

Aurreikusita dauden hitzaldi eta eztabaida ugarien artean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak euskal industria-estrategiako apustu nagusietako bat bihurtu denaren emaitzak eta ekimenak aurkeztuko ditu. Gainera, aurtengo topaketan, Günter Beitinger Siemens-eko Digital Factory Division-eko fabrikazio arloko Presidenteordeak ere parte hartuko du, multinazional alemaniarrak fabrikazio digitalean lortu duen esperientzia azaltzeko asmoz. Soluzio honek hiru dimentsiotan simulatu eta bistaratzen ditu industria-prozesuak, proiektu eta fabrikazio garaiko kostuak murriztuz eta merkaturatu arteko epeak laburtuz.

Basque Industry 4.0 topaketan, 4.0 Industriak protagonista dituen teknologiei buruzko (fabrikazio aditiboa, robotika kolaboratiboa, sistema ziberfisikoak, errealitate areagotua, cloud computing-a, big data, ikusmen artifiziala edota zibersegurtasuna) esperientziak, joerak, estrategiak, iritziak, tailerrak, erakusketak eta adituen ikuspuntuak bilduko ditu. Teknologia horiek ekoizpen-prozesuetara eta enpresaren unean uneko beharrizanetara hobetu egokituta dagoen “lantegi adimenduna” delakoa osatzen dute.

Arantxa Tapia eta Günter Beitinger-en agerraldiez gain, Kursaalen, mahainguru bat antolatuko da Titanium, ABB, CIE Automotive, Microsoft eta Gestamp bezalako enpresen ordezkarien artean, gai honen inguruan dituzten ikuspegiak partekatu eta egungo egoera, etorkizuna, estrategiak, gakoak, erronkak eta abar azal ditzaten, Enrique Rodal teknologietan trebatutako kazetariak zuzendutako eztabaida batean.

Basque Industry 4.0 topaketan, Etxe-Tar makina-erremintako konpainia gipuzkoarrak ere parte hartuko du. Etxe-Tar dugu Euskadin digitalizazioaren aldeko lasterketa lideratzen ari diren enpresetako bat, eta bere esperientzia 4.0 Industriaren arloko lideragoaren eredutzat har daiteke.

Programan, halaber, EIKT soluzioen garapenean espezializatutako euskal enpresen adibideak ere bistaratuko dira, prozesuetan, produktuetan eta zerbitzuetan izandako arrakasta-kasuak barne. Etorkineko aurreikuspenei dagokienez, Euskadiko unibertsitateak eta zentro teknologikoak arduratuko dira teknologia berriez profitatzeko aukera izango duten industria-aplikazioak zehazteaz.

Jardunaldiaren barruan, halaber, Gaia telekomunikazioetako klusterraren eskutik, gamifikazioari buruzko lau tailer praktiko egingo dira, bideojokoetako tresnek eta teknikek (errealitate birtuala, errealitate areagotua, simulazioa…) industria-prozesuetako fase desberdinetan (Pre-Produkzioan, Produkzioan nahiz Post-Produkzioan) izan ditzaketen erabilerak azaltzeko. Tailerretan parte hartzen dutenek enpresetan jardunean dauden aplikazioekin esperimentatu eta teknologia horiek beren erakundeetan erabiltzearen abantailak aztertu ahal izango dituzte.

Topaketarekin batera eratuko den erakusketa-esparruan, 4.0 Industriarako soluzioak garatzen diharduten 29 euskal enpresak bertaratutakoen aurrean aurkeztuko dituzte beren zerbitzuak eta eskaintza teknologikoak, eta enpresen arteko lankidetzarako nahiz balizko elkartzeetarako harremanak finkatu ahal izango dituzte. Topaketa amaitu arte, networkinga landu, ikuspuntuak partekatu, aurkezpen-txartelak trukatu eta kontaktuak lantzeko aukera izango dute.

 

dosierra-basqueindustry 40

Deskargatu hemen

 

Azaroak 15: Basque Cluster Day Miramar Jauregian

Startup teknologikoak Eusko Jaurlaritzaren Basque Industry 4.0 estrategian integratuta daude, eta aurtengo programak, goiburu beraren azpian, Basque Cluster Day delakoa ere barne hartuko du, azaroaren 15ean, Donostiako Miramar Jauregian. Barne-jardunaldi honetan, euskal klusterrek RIS3 (Ikerketa eta Berrikuntzako Espezializazio Adimenduneko Estrategia / Research and Innovation Smart Specialisation Strategy) deritzon espezializazio adimenduneko prozesuan jokatu beharreko paperari buruz gogoeta egingo dute, giltzarrizko beste hainbat gairen artean.

Basque Cluster Day-rekin batera, Klusterren Nazioarteko IV. Biltzarra ere egingo da Gipuzkoako hiriburuan, klusterrek 4.0 industrian nahiz enpresetan jokatu beharreko paperaz eztabaidatzeko asmoz.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow