Basque Industry 4.0 ekitaldiaren bigarren edizioarekin Eusko Jaurlaritzak topagune bat finkatu du laugarren iraultza industrialaren inguruan

1 October, 2015

Enpresa, industria eta teknologia alorretako 800dik gora eragilek dagoeneko baieztatu dute Bilbon izango direla urriaren 14an, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatu eta SPRIk antolatutako ekitaldian. Ekitaldi horren helburua da enpresen egokitzapena bultzatzea  informazio-teknologia berriak integratu ditzaten beren produkzio prozesuetan. Jardunaldian hogei ekitaldi egingo dira, zeintzuetan puntako enpresek eta Euskadiko teknologi zentroek aukera izango duten nazioarteko esperientziak eta kasu arrakastatsuak azaltzeko. Horrez gain, tailerrak eta erakusketa eremu bat ere antolatu dira, 4.0 industriaren esparruan lanean ari diren euskal konpainien adibide praktikoak erakusteko. Arantxa Tapia sailburuak irekiko du jardunaldia eta Euskadik esparru horretan abiatua duen estrategia azalduko du; hizlari nagusia Wolfgang Dorst aditu alemana izango da, BITKOM patronal teknologikoko 4.0 Industria Departamenduko arduraduna. Jardunaldiko hastag #basqueindustry40 izango da eta streaming bidez emango da.

Basque Industry 4.0, euskal industriaren meeting point-a izenburupean, Ekonomia Garapen Sailak iaz hasitako topaketaren bigarren edizioa antolatu du SPRIren bitartez. Ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da, eta bere helburua da enpresen egokitzapena bultzatzea bat egin dezaten produkzio-prozesuetan EIKTak (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak) integratzeko prozesu geldiezinarekin. Laugarren Iraultza Industriala izenaz bataiatuta dagoen prozesu horri buruzko bigarren jardunaldia urriaren 14an egingo da eta bertan hogei hitzaldi eskainiko dira, zeintzuetan baita ere erakutsiko diren Euskadiko konpainiek izandako nazioarteko esperientziak eta kasu arrakastatsuak. Erro sendoak botatako gertakaria da, inondik ere, oraindik hasteko bi aste falta diren arren, jadanik badirelako enpresa, industria eta teknologia arloetako 800dik gora eragile izena emanda.

Basque Industry 4.0 jardunaldiak indartu egin nahi du Eusko Jaurlaritzak eta euskal industriak egin duten apustua enpresetan 4.0 industria garatzeko, eta bertan ikusiko dira zeintzuk diren Euskadik EBko RIS3 Espezializazio Adimenduneko estrategia lideratzen jarraitzeko ezarri dituen lehentasunak, kontuan izanik gure kasuan estrategia hori hiru alderdi hauetan oinarritzen dela: Fabrikazio Aurreratua, Energia eta Bio-osasuna. Eusko Jaurlaritza Europako administrazio aitzindarietako bat da EBko zuzentarauak aplikatzen. Zuzentarau horiek beharrezko jotzen dute baliabideak eta inbertsioak kontzentratzea lehendik existitzen diren produkzio gaitasunekin eta eskualde edo herrialde bakoitzeko potentzialtasunekin sinergia argiak sor daitezkeen eremuetan.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak oraintsu jarri ditu martxan hiru programa berri teknologia berriak inplementatzeko manufakturako industrietan, ETEetan eta euskal enpresa-sarean. Hiru programek (Basque Industry 4.0, Industria Digitala eta Lankidetza Digitala) 5,2 milioi euroko aurrekontua dute. Kopuru hori honela banatzen da: Basque Industry 4.0 programak 2,1 milioi euroko aurrekontua du; Industria Digitala programak 2,4 milioi euroko aurrekontua; eta Lankidetza Digitala programak 670.000 euroko aurrekontua.

Programa horiek eta teknologiako programetarako 133,6 milioi eurorainoko zuzkidurak onartu izanak agerian uzten dute Eusko Jaurlaritzaren apustu sendoa Fabrikazio Aurreratuaren alde. Fabrikazio Aurreratuaren aldeko apustu hori Basque Industry 4.0  estrategian mamitzen da, izen bereko jardunaldiaren lehen ediziotik bultzatu zen markan alegia.

Indartu egiten da berrikuntzaren aldeko apustua Fabrikazio Aurreratuaren arloan, elementu kritikoa delako lehiakortasuna mantentzeko industrian eta balio erantsi handiagoko merkatu-nitxoetan posizionatzeko, bai eta manufakturaren industria indartzeko Euskadiko produkzio-egituran.

Ekitaldiaren garapena

Jardunaldiaren barruan hogei ekitaldi egingo dira, eta ekitaldi horien bidez puntako enpresek eta Euskadiko teknologi zentroek aukera izango dute nazioarteko esperientziak eta kasu arrakastatsuak azaltzeko. Horrez gain, tailerrak eta erakusketa eremu bat ere antolatu dira, 4.0 industriaren esparruan lanean ari diren euskal konpainien adibide praktikoak erakusteko.

Alexander Arriolak, SPRIko zuzendari nagusiak egingo du ongi-etorria, eta Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Eknomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak irekiko du jardunaldia, Jaurlaritzak arlo honetan abiatu duen estrategia azaltzeko.

Alemaniako BITKOM patronal teknologikoko aditua

Wolfgang Dorst aditu alemanak irekiko du hitzaldien txanda, “Industria 4.0: Utopia digitala ala Business Case?” izeneko hitzaldiarekin. Dorst Alemaniako BITKOM patronal teknologikoko 4.0 Industria Departamentuko arduraduna da. Patronal horrek 700.000 langileko plantilla bateratua eta 1.400 enpresa bazkidetu ditu, eta indar handia du sektorearekin lotutako gai guztietan Alemaniako Gobernuarekin duen harremanagatik. Bere enpresa bazkidetuek 135.000 milioi euroko salmenta bolumena sortzen dute urtero.

Patronalean sartu baino lehen, Dorst-ek 10 urtez lan egin zuen merkatuaren garapenerako proiektu estrategikoetan, IKTen industrian. Denboraldi horretan, sektore elektrikoa eta energetikoa arautzearekin lotutako hainbat proiektu konplexuren buru izan zen, eta gainera, alderdi aktiboa izan zen Alemaniako Gobernu Federalak sustatutako informazioaren teknologiei buruzko gailurrean. 30 urtetik gorako esperientzia du esparru horretan, eta zenbait konpainia garrantzitsutan garatu du bere ibilbide profesionala, esaterako, Oracle, Sun Microsystems, Cisco Systems, Computer Associates eta Amdahl Digital Equipment-en.

Euskal enpresaren ikuspegi estrategikoa

Dorst-en hitzaldiaren ostean, euskal konpainiek 4.0 industriaren esparruan izandako esperientzia aurkeztuko dute jendaurrean. Lehen saioak elkarrizketa formatua izango du, eta AVS, Vicomtech IK4, Tecnalia, Gestamp eta Vicinay Marine enpresek parte hartuko dute. Konpainia horietako ordezkariek, teknologia berrietan espezializatutako kazetari baten galderei erantzunez, euskal enpresak gai honetan duen ikuspegi estrategikoa azalduko dute, bai Euskadiko erreferentziazko marka bezala duten esperientziatik eta baita ere  aditu bezala duten ikuspegitik. Goizeko egitaraua amaitzeko Atzo, Gaur, Bihar” hitzaldia eskainiko da. Hitzaldi horretan Safe, Envases Group, Grupo Irizar, Ibarmia, Orkli, Alfalan eta Orona Group konpainiek parte hartuko dute eta martxan dauzkaten erronka teknologikoak azalduko dituzte ikuspegi pedagogiko batetik, aukera egongo delako iraganeko konponbide teknologikoak, gaur egungoak eta 4.0 Industriak eskaintzen dizkigunak alderatzeko.

Bazkalorduan bertaratutako guztien arteko harreman-sarea sustatuko da. Ondoren, arratsaldez, parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutuko dute nola aplikatu den 4.0 Industria euskal ekintzaileek sortutako enpresetan eta beste enpresa batzuen barruan sortutakoetan (barnekintzailetza). Barnekintzailetza 4.0 Industriaren esparruan izenburupean, hainbat enpresaren kasuak ezagutu ahal izango dira, besteak beste, hauenak: Meteo for Energy, Addimen, Airstudio, Farsens, Isetic Technology, Kiro Robotics eta Pulsar Concept.

Gero Estibaliz Hernáezek, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Teknologia eta Lehiakortasun sailburuordeak, Basque Industry 4.0ren praxia azalduko du. Jardunaldia amaitzeko aldi bereko bi tailer egingo dira, Tecnalia eta IK4 teknologi zentroetako ordezkarien gidaritzapean.

Jardunaldian zehar, erakusketa eremu bat egongo da ikusgai Euskalduna Jauregian. Areto txiki bat izango da, non puntako euskal enpresek kasu errealen bidez azalduko duten nola integratu dituzten EIKTak beren produkzio prozesuetan eta zein lehiakortasun abantaila lortu dituzten. Guztira 17 stand egongo dira, ondoko hauen ardurapean: Tecnalia, IK4, AFM makina-erreminta patronala, Pixel Sistemas, Nexmachina, Dimension Data, Mizar Additive, Sisteplant, Semantic Systems, Meteo for Energy, Gaia, Tumaker, Sernivel3, Azkenmedia Virtual Solutions, Optimus 3D eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea.

Ekitaldi honen lehen edizioan SPRIk 640 parte-hartzaile eta 15 erakusle batu zituen. Jardunaldiak ia 1.500 txio, 340 ekarpen eta Google-ko 150.000 erreferentzia inguru sortu zituen, eta gainera, oihartzun mediatiko handia izan zuen komunikabide tradizionaletan. Euskalduna Jauregian egingo den 4.0 Industriari buruzko bigarren topagune handi honetan, SPRIk iazko interes maila berbera mantendu nahi du euskal industria-sarean. Dagoeneko 800 parte-hartzaile inguruk eman dute izena, eta oraindik zabalik dago epea www.spri.eus web orrian.

Eusko Jaurlaritzaren plan estrategikoa

Ekitaldi hau Euskadiko Espezializazio Adimenduneko Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da. Plan horren bidez Eusko Jaurlaritzak eskualdeko I+G+B-ko lehentasunak erabakitzen ditu, baliabideak eta inbertsioak kontzentratzeko lehendik existitzen diren produkzio gaitasunekin eta eskualde edo herrialde bakoitzeko potentzialtasunekin sinergia argiak sor daitezkeen eremuetan.

Lantegi adimenduna betiko lantegien bertsio digitalizatua da, non prozesu guztiak elkarri konektatuta baitaude eta elkarri eragiten baitiote. Iraultza industrial berri honek hainbat erronka gainditu beharko ditu: “softwarea” garatzea, datuak masiboki aztertzeko eta biltegiratzeko sistemak egitea, produkzio prozesuetan eta produktuetan sentsoreak eta elektronika sartzea, eta erabakiak hartzeko behar den informazio guztia puntualki eskura izatea.

Hala, errealitate birtual eta handituak, ikusmen artifizialak, robotikak, fabrikazio gehigarriak (3D inprimaketa barne), cloud computing-ak eta datuen tratamendu masiboak (Big data) konpainien lehiakortasuna handituko dute epe laburrera, baina, horrez gain, ulertu behar da berme bat direla gero eta exijenteagoa den merkatuan jarraitu ahal izateko, krisiak erakutsi baitu zein garrantzitsua den berrikuntza posizionatzeko eta baita ere bizirauteko.

Jardunaldian izango da Basque Industry 4.0 Gidaritza Talde publiko-pribatua

Iragan ekainaren 30ean, Basque Industry 4.0 estrategia zuzenduko duen Gidaritza Taldea eratzeko ekitaldia egin zen Iñigo Urkullu lehendakariaren presidentziapean.  Euskalduna Jauregian presente egongo den batzorde horretan erakunde publiko eta pribatuetako hainbat ordezkari daude, hala nola, hauek: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko ordezkariak, Arantxa Tapia sailburua buru delarik; SPRI; Tecnalia eta Ik4 aliantza teknologikoak; Innobasque Agentzia; CIC Margune; Mondragon Korporazioa Mondragon Unibertsitatearen bitartez, eta AFM, ACICAE, Gaia eta Energia klusterretako arduradunak. Batzordeko presidentetza errotazioz aldatuko da eta hasieran Antón Praderak, CIE Automotive klusterreko presidenteak beteko du kargu hori.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow