Enpresa turistikoak IKTen bidez bultzatzeko barnetegia

2 azaroa, 2016
Barnetegi Teknologikoek “Learning by Doing” teknologia jarraitzen dute.

Azaroan Turismoari buruzko Barnetegi Teknologikoak egingo dira Araban.

 

Barnetegi Teknologikoek helburutzat dute antolakunde barruko aldaketa bultzatzea, IKTak eta teknologia berriak erabiltzen has daitezen “learning by doing” prestakuntza-prozesuen bidez, eta euskal ETEetako kudeatzaile eta zuzendaritza-karguei zuzenduta daude. Metodologia horren helburua da modu praktiko eta kolaboratiboan lan egitea, benetako adibideen bidez eta aditu profesionalen aholkularitza jasoz.

 

Azaroan turismo sektoreari buruzko Barnetegi Teknologikoaren beste edizio bat egingo da Eskuerganan, zeina SPRIk antolatu baitu Araba Enpresa Digitala eta Basquetour erakundeen bitartez. Jardunaldi osoko saioa da eta azaroaren 7an eta 8an izango da, lau modulu espezifikoz osatutako egitarauarekin.

 

Lehen saioan sare sozialak eta onlineko marketina izango dira ardatz, eta hainbat gai jorratuko dira, hala nola, aktiboki entzutearen garrantzia Interneten eta sare sozialetan, nola erabili iritziak biltzeko webguneak turismoaren sektorean, eta Sareko presentzia neurtzeko tresna baliagarriak eta estrategiak. Bigarren modulua bilatzaileetako ikusgarritasunean eta posizionamenduan zentratuko da, eta aztergai izango ditu bitartekari turistikoak –Booking edo Atrápalo- eta salmenta kanal berriak.

 

Jardunaldiaren hirugarren zatian zaintza teknologikoko tresnak jorratuko dira; eta azken zatian hizpide hartuko dira teknologia digitalak antolakuntzan txertatzeko oinarrizko giltzarriak. Parte-hartzaileek arlo hauetako tresna eta estrategiak ikasiko dituzte: nortasun eta aztarna digitala, datuen babesa, lainoko lana edota administrazio elektronikoarekin komunikatzeko kanal berriak.

 

Barnetegi Teknologikoen helburua da tresnak eta giltzarriak eskaintzea antolakundeek teknologia digitalen potentziala aprobetxa dezaten, beren lehiakortasuna hobetu dezaten eta beren arduradunei prestakuntza eman diezaieten IKTak erabiltzeko. Prestakuntza-topaketa horiek praktikoak eta atseginak dira, eta asmoa da abiapuntu bat izan daitezela, antolakundeen barruan eraldaketa digitala abiatzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow