Azplay lehiaketak bideojoko sortzaile eta berritzaileagoak nahi ditu

15 ekaina, 2016
AzPlay jaialdia azaroan egingo da Azkuna Zentroan, Bilbon.

Bideojoko independenteen lehiaketak bere 6. ediziorako deialdia ireki du.

 

Azaroaren amaieran egingo da Azplay lehiaketa, bideojoko independenteen munduko profesionalak eta zaleak bilduko dituen ekitaldia. Nazioarteko ekitaldi horrek helburutzat dauka urteko lan orijinal eta berritzaileenak saritzea. Jarduera programa zabal bat eskainiko du, eta bertaratuek gune bat izango dute bideojokoak probatzeko.

 

Jaialdiak dagoeneko ireki du proiektuak aurkezteko epea, onlineko inprimaki bat bete behar delarik horretarako. Lehiaketan 5.000 euroko bost sari banatuko dira, kategoria hauen arabera: ideiarik onena, diseinu sortzailea, soinua-musika, jokagarritasuna eta euskal bideojoko onena. Lehiaketan parte har dezakete 2015eko urriaren 1az geroztik argitaratutako sorkuntzek, baldin eta ordenagailu pertsonaletarako, kontsoletarako edo dispositibo mugikorretarako eginak badira. Bideojokoak aurkezteko epea zabalik egongo da irailaren 29ra arte, eta urriaren 17an argitaratuko dira finalistak.

 

AzPlay lehiaketaren azken sei edizioetan 38.000tik gora lagun elkartu dira eta bost kontinenteetako 500dik gora proiektu aurkeztu dira. Hauek izan ziren 2015eko bideojoko irabazleak: Sunset, Tale of Tales estudio belgikarrarena; Pavilion, Visiontrick Media estudioarena; Future Unfolding, Spaces of Play estudio alemanarena; eta Panoramical, Fernando Ramallo eta David Kanagarena. Bilboko Delirium Studios estudioan garatutako The Delusions of Von Sottendorff and his Square Mind jokoak irabazi zuen euskal bideojoko onenaren saria.

 

Azkuna Zentroak antolatzen du bideojoko independenteen AzPlay nazioarteko txapelketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow