Azken aukera GipuzkoApps lehiaketan parte hartzeko

13 iraila, 2016
Gipuzkoako Foru Aldundiak GipuzkoApps lehiaketaren 4. edizioa antolatu du.

Lehiaketan 25.000 euro banatuko dira saritan.

 

GipuzkoApps lehiaketaren 4. edizioan parte hartzeko epea zabalik dago irailaren 18ra arte. Sariketa horren helburua da IKTen sektorea bultzatzea Gipuzkoan. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen du Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Oreka Sailaren bitartez.

 

Aurten handitu egin da sarietara bideratutako aurrekontua eta 25.000 euro banatuko dira guztira: 10.000 euroko lehen saria, 6.000 euroko bigarrena eta 4.000 euroko hirugarren saria. Horrez gain, 2.500 euroko bi akzesit ere banatuko dira. Parte hartzeko, proiektu bat aurkeztu nahi duten pertsonek Gipuzkoan bizi behar dute eta enpresen kasuan Gipuzkoan izan behar dute egoitza.

 

Lehiaketa beraizik zuzentzen zaie merkatuan urtebete baino gutxiago daramaten (oinarriak argitaratu ziren datatik zenbatzen hasita) amaitutako aplikazio mugikorrei, eta aurkezteko unean eskuragarri egon behar dute gutxienez euskaraz. Parte hartzeko, lehiaketako inprimakia bete behar da, eta proiektuaren memoria sartu, bai eta demo bideo bat ere, aplikazioaren funtzionaltasunak ikusteko. Aplikazio onenak saritzeko orduan, epaimahaiak kontuan hartuko ditu erabilgarritasuna, funtzionaltasunak eta diseinua, ideiaren berrikuntza gradua, negozio eredua, eta smart city edo 4.0 industriaren arloko proiektuetan duen aplikazioa.

 

2015eko edizioan, aplikazio hauek izan ziren garaile: Maria Goikoak Batbirulau!, Galtzagorri Elkarteak garatutako joko-aplikazioa, euskaraz irakurtzeko interesa pizteko txikien artean; enpresarako konponbidez osatutako Spyro Now paketea, CTI Soft enpresarena; eta Dinypark-PMR, ezgaitasunak dituzten pertsonei zuzendutako zerbitzua, hirietan aparkalekua bilatzeko balio duena.

 

GipuzkoApps lehiaketak helburu bat baino gehiago ditu: aplikazio mugikor berritzaileen bitartez konponbide berriak sortzea, Gipuzkoako talentua ikusaraztea eta, aldi berean, ekintzailetza sustatzea IKTen sektorean. Oinarrietan jasota dagoen bezala, aplikazio mugikor horiek zerbitzu berri ugari sorrarazi dituzte esparru profesional eta pertsonalean, eta konponbide berritzaile ugari eskaintzen dituzte sektore ekonomiko askotan. Aplikazioen merkatuak urteko 25.000 milioi dolar sortzen ditu munduan; kopuru horrek argi erakusten du, beraz, zein garrantzitsua den ekintzailetza eta talentu-sarea bultzatzea Gipuzkoan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow