AtPoints, zure posizioaren arabera edukiak eskaintzen dituen geomarketineko aplikazioa

18 urtarrila, 2017

DinyCon enpresa gipuzkoarrak garatu du tresna hori.

 

AtPoints sakelako telefonoetarako aplikazio bat da, pertsonen kokalekuetan oinarritzen dena informazio interesgarria, eskaintzak edo sustapenak eskaintzeko, eta GPS koordenatuak (kanpoalderako) eta Beacon balizak (barruko espazioetarako) erabiltzen ditu horretarako. DinyCon enpresak kontaketaren eta pertsonen traking-aren arloetan zuen esperientzia baliatu du proiektu honetan, eta geomarketinaren arloan aplikatu ditu teknologia horiek.

 

Aplikazioak komunikazio kanal berri bat eskaintzen du hiritarrak eta enpresak edo erakundeak harremanetan jar daitezen, erabiltzailearen eta igorlearen arteko hurbiltasun fisikoan oinarrituta. Tresna horri esker eduki interesgarriak eskuratu daitezke, hala nola, informazio turistikoa, abisuak edo sustapenak. Enpresa eta erakundeei, berriz, aukera ematen die balizko erabiltzaileekin edo bezeroekin harremanetan jartzeko, eurengandik hurbil daudenean. “AtPoints aplikazioak informazio interesgarria ematen die erabiltzaileei, unearen eta une horretako kokapenaren arabera”, azaldu du Roberto Garcíak, DinyCon enpresako kudeatzaileak.

 

Abisuak jasotzeko, erabiltzaileek aplikazioa deskargatu behar dute, eta nolako informazioa jaso nahi duten aukeratu. “Laguntza-zerbitzu bat izan dadin nahi dugu, ez dadila publizitate bonbardaketa bat bihurtu. Horregatik, erabiltzaileak posible du interesatzen zaizkion gaiak bakarrik aukeratzea” esan du Roberto Garcíak. Bestalde, zerbitzua erabiltzen duten enpresa, saltoki edo organismoek beren informazioa alda dezakete informazio hori jaso duen jende kopuruaren arabera, eta datuak eskura ditzakete eguneko ordu desberdinetan hurbiltzen den publiko kopuruari buruz.

 

Tresna bereziki diseinatu da establezimenduentzat, erakundeentzat, turismo bulegoentzat edota udal zerbitzuentzat, eta gauza askotarako balio duenez, erabil daiteke baita ere hiritarren parte-hartzerako kanal gisa. Proiektu honek GipuzkoApps lehiaketaren azken edizioa irabazi zuen, eta Dinycon enpresak urte honetako lehen hiruhilekoan merkaturatzea espero du.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow