Aplimedia-k Chattodo sortu du, enpresentzako aplikazioak sortzeko tresna

25 maiatza, 2016
Chattodo tresnarekin azkarrago sortzen dira datu-baseetan oinarritutako aplikazioak.

Zerbitzu horri esker, formularioak eta aplikazio mugikor txikiak sor daitezke minutu gutxian.

Aplimedia konpainiak, enpresen lainoko kudeaketako softwarean espezializatuta dagoenak, Chattodo aplikazioa merkaturatu berri du: datu-baseetan oinarritutako formulario eta programen sorkuntza-prozesua azkartzeko tresna. Zerbitzu horrek helburutzat dauka enpresa-ingurunerako aplikazio sinpleak garatzea, zeren Chattodo sistemarekin minutu gutxian egin baitaiteke lehen hainbat astetan egiten zen lana.

Tresna berri horrekin datu base estandarretara (Access, MySQL eta MS SQL) lotutako aplikazioak sor daitezke, eta aurrerago, beste datu-base batzuk ere erabili ahal izango dira. Chattodo sistemarekin sortutako aplikazioek aukera ematen dute, adibidez, enpresako langileen dietak kudeatzeko, bezeroen eskaerak administratzeko, teknikariei konponketa abisuak bidaltzeko edo bezero bakoitzaren kontsumoaren jarraipena egiteko. Bestalde, Chattodo-k eskaintzen dituen zerbitzuen artean daude GPS bidezko posizionamendu esparruak, dokumentu bidalketa eta formularioetan ohikoak diren esparru guztiak (textbox, combobox, checkbox…).

Zerbitzu hau programazio arloko ezagutzak dituzten erabiltzaileei zuzentzen zaie, esaterako, IT arduradunei, informatikoei edo ERP konponbideak eskaintzen dituzten enpresei. Aplimedia enpresak doako kontu bat eskaintzen du bost formulario edo aplikazio sortzeko aukerarekin. Horrez gain, beste batzuek garatutako edozein aplikazio eskura daiteke gonbidapen bidez. Hortik aurrera, konpainiak hileroko kuota bat jarri du aplikazio gehiago sortu behar dituzten enpresentzat.

Aplimedia-k doako prestakuntza saioak ere antolatzen ditu horrelako aplikazioak garatu nahi dituzten enpresa eta profesionalentzat, tresna berria eta bere funtzionaltasun guztiak ezagutzera emateko. Prestakuntza hori espreski zuzentzen zaie programazio ezagutzak dituzten profesionalei, eta konpainiara posta elektroniko bat bidaliz egin daiteke parte hartzeko eskaera (aplimedia@aplimedia.com).

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow