Aplikazio aitzindari bat tratamendu medikoa jarraitzeko

21 March, 2017

Aplikazioa paziente bakoitzaren historial klinikoarekin lotuta dago.

Osakidetzak “Mi Tratamiento” plazaratu du, hartzen diren botikak kudeatzeko aplikazioa.

 

Tratamenduarekiko atxikipena, hau da, medikuak emandako argibideak zorrotz betetzea ezinbestekoa da osasuna hobetu eta konplikazioak saihesteko. Halere, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen %50ak bakarrik betetzen du agindutako guztia, sarri botika desberdinak konbinatu behar izaten direlako, eta epe luzean zaila delako denak ongi kudeatzea.

 

Osakidetza ahalegina egiten ari da osasuna hobetzea helburu duten teknologia digitalen potentziala aprobetxatzeko, eta orain “Mi Tratamiento” sakelako aplikazioa kaleratu du, medikazioarekiko atxikipena hobetzen duen tresna sinple eta intuitiboa. Aplikazio horri esker, sakelakotik eskura daiteke hartu beharreko botikei buruzko informazioa, alarmak eta eguneratzeak barne.

 

Tresna berri hori martxoaren 20an aurkeztu zuten Jon Darpónek, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta Andoni Arcelayk, Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariak. Asmoa da aplikazioa “osasun prozesuetan parte hartzeko eta inplikatzeko kanal izan dadila paziente guztientzat” azaldu zuen sailburuak aurkezpenean, eta “horrekin batera, lagungarri izatea tratamendu medikoak kudeatzeko, atxikipen egokia errazteko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko”.

 

Aplikazioa Euskadiko Osasun Zerbitzuan eskuratu daiteke, eta lau atal dauzka: Hartualdiak, botikak orduka banatzen dituena; Nire Tratamendua, botika bakoitzari buruzko informazioa ematen duena; Alarmak, gogorarazteko noiz hartu behar den medikazioa, noiz jaso behar diren botikak eta noiz berrikusi behar den edo bukatzen den tratamendua; eta Postontzia, tratamendu aldaketei buruzko informazioa kontsultatzeko.

 

Gainera, tresnak lotura zuzena du pazientearen historia klinikoarekin, beraz, medikuak tratamendua preskribatzen duenean informazioa eguneratu egiten da aplikazioan eta transkripzio akatsak saihesten dira, gainera, Osakidetzako zerbitzuen preskripzioak bakarrik erakusten ditu. Preskripzio medikoak kudeatzen dituzten aplikazioen artean “Mi Tratamiento” da pazientearen historia klinikoan integratuta dagoen lehen aplikazioa, eta beraz, aitzindari bihurtu da osasun zerbitzu publikoetan.

 

Osakidetzako Informatika eta Informazio Sistemen Azpizuzendaritzak garatu du aplikazioa, Euskadiko Osasun Zerbitzuko farmazia arloko profesionalen laguntzarekin. Tresna berri hori mailaka zabalduko da, eta dagoeneko eskuratzeko moduan dago Araban, datorren astean aktibatuko da Gipuzkoan eta, azkenik, Bizkaian ere erabili ahal izango da apirileko lehen astetik aurrera.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow