Antic Pays Basque erakundeak zahartzeari eta teknologia digitalei buruzko jardunaldi bat antolatu du Angelun

21 May, 2015

Antic Pays Basque irabazi asmorik gabeko erakundeak topaketa bat antolatu du uztailaren 2an, Hobeto zahartzeko teknologia digitalak  izenburupean, eta topaketa horretan aztergai izango dituzte “zilarrezko ekonomiaren”, hots, pertsona nagusien zerbitzura jarritako ekonomiaren aukerak. Jardunaldi horren bidez hausnartuko dute teknologia digitalek nola hobetu dezaketen pertsona nagusien bizitza eta nola negozio-bide berriak ireki ditzaketen produktu edo zerbitzu bezala.

Datozen hamarkadetan Ipar Euskal Herria izango da biztanleriaren zahartze indize handiena izango duen lurraldeetako bat, eta horrek erronka handiak dakarzkigu arlo sozial, ekonomiko eta politikoan. Erronka bat ez eze, aukeraz beteriko merkatu bat ere bada, zilarrezko ekonomiaren merkatu globalak 130 mila milioi euro mugiaraziko baititu 2020an. Antic erakundeak dioenez, erretiratuen diru-sarrera kopurua batez bestekoaren gainetik egongo da eta premia oso zehatzak izango dituzte arlo askotan, hala nola osasunean, garraioan, aisialdian eta, besteak beste, ingurune sozialarekiko komunikazioan.

Uztailaren 2ko topaketan hitzaldiak, mahai-inguruak eta eztabaidak egingo dituzte egoera demografiko honek ekarriko dituen aukera ekonomiko eta sozialak ulertzeko. Egitarauan askotariko gaiak landuko dituzte, esaterako, arlo sozio-sanitariorako, garraiorako eta mugikortasunerako teknologien garapena edota etxeko arreta eta objektu konektatuak. Jardunaldian Vicomtech eta Tecnalia bezalako euskal ikerketa zentroek parte hartuko dute zilarrezko ekonomiaren mugaz gaindiko ekimenei buruzko mahai-inguru batean.

Hobeto zahartzeko teknologia digitalak topaketa Antic Pays Basque erakundeak teknologia digitalei buruz urtero antolatzen dituen Les Rencontres Numériques jardunaldien barruan antolatuko da. Ekitaldia Angelun izango da eta egitarauaren barruan antolatu dituzte bi hitzaldi nagusi, startup berritzaileen zortzi erakusketa, hiru tailer parte-hartzaile eta elevator pitch saioak. Antic irabazi asmorik gabeko elkartearen helburua da Ipar Euskal Herrian berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea, eragile publiko, pribatu eta sozialen arteko lankidetzaren bidez.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow