Zenbait pista ETEen eraldaketa digitalerako

13 abendua, 2017
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean azaldu da nola ezarri teknologia berriak, oraindik ere enpresa handietan zentratzen direnak.

 

Eraldaketa digitala (Big Data, adimen artifiziala edota fabrikazio gehigarria aplikatzen dituena) enpresa handietan kontzentratzen da. SPRI Taldeak, enpresen garapenerako euskal agentziak, antolatutako jardunaldi batean azaldu da zein urrats eman behar diren eraldaketa hori ETEetara irits dadin, ETEek baliabide gutxiago baitituzte teknologikoki eboluzionatzeko. Airestudio enpresako eraldaketa digitaleko aholkulari Elena Díaz de Liañok esan du enpresek plan bat izan behar dutela digitalak diren ala ez jakiteko.

 

Arabako Teknologi Parkean egin den jardunaldi horretan, Díaz de Liañok adierazi du “lehenik eta behin, dirua eta jendea behar dela”. Gero, helburuak proiektutan zehaztu behar dira, business case bat egin behar da proiektu bakoitzarentzat eta, azkenik, erabaki zein aukeratuko dugun.

 

Liañok aipatu du lehenengo proiektuak datuen bistaratzeari buruzkoak izaten direla, “jendeak ikusi egiten dituelako”. Liañoren arabera, “aldaketa goian hasten da eta gero beherantz jarraitzen du. Kontua ez da bakarrik teknologia ezartzea, baizik eta baita ere pertsonak, antolakundeak eta prozesuak aldatzea”.

 

Eta beti daude huts egiten duten proiektuak. “Norbaitek esan badizue dena ondo ateratzen dela lehen saiakeran, gezurretan ari zaizue”. Aholkulariak zibersegurtasuna azpimarratu du, enpresa guztiek jasan dituztelako edo jasango dituztelako erasoak. “Mundu digitaleranzko bidea hartzeak ez du bermatzen arrakasta, eta ez zaie sinetsi behar erraza izango dela edo enpresa salbatuko dela ziurtatzen diguten aholkulariei”.

 

Hizlariak hizpide hartu ditu eraldaketa digitalerako tresnak, hasi Big Datatik (“sortu zen lehenengoa”) eta Blockchainera (datuak egiaztatzeko sistemarik seguruena). Big Data da enpresa bakoitzeko datu kopuru erraldoia tratatzea negozio bihurtzeko, eta hortik sortu zen Business Intelligence, hau da, enpresaren eta bere bezeroen analisia. “Horixe egin zuen Jeff Bezos-ek (Amazon enpresaren fundatzaileak) 2000. urtearen hasieran, bere enpresari bultzada bat emateko”. Intelligence Analysis sistemek, berriz, elkarrekin uztartzen dituzte Business Intelligence eta negozioan eragina duten antolakundetik kanpoko datuak, hala nola, lehiatzaileak, hornitzaileak, ekonomia, geopolitika edota segurtasuna. “Inteligentzia analisi hori enpresa handiek bakarrik egiten dute Espainian”.

 

Díaz de Liañok azaldu du lainoa baliagarri dela “datuak eta segurtasun kopiak gordetzeko, web orriak eta blogak ostatatzeko, softwarea garatzeko eta erabiltzeko… Kostu gutxiago du eta abiadura handiagoa eta, gainera, fidagarria da”.

 

Adimen artifiziala dugu eraldaketa digitaleko beste tresna bat. Gizakien portaerak mimetizatzeko konputagailuak darabiltzan edozein teknologiari esaten zaio; adibidez, adimen artifiziala erabiltzen da gidaririk gabeko autoetan.

 

Blockchain sistema

Azkenik, hizpide hartu du Blockchain sistema eta esan du datu-base moduko bat dela, zeinetan parte-hartzaile guztiek gordetzen duten informazioaren kopia bat. “Denok badugu informazio bera, informazio hori egia da, eta horixe baliatzen da egiaztatzeko nor den nor. Erabiltzen da diru mugimenduetan, kontratuetan edota administrazio publikoekiko harremanetan”.

 

Aholkulariak 4.0 Industriaren jatorria azaldu du. Esan du 4.0 industria dela eraldaketa digitala bera praktikara eramanda eta askotariko teknologiak barne hartzen dituela, besteak beste, Gauzen Internet, robotika kolaboratiboa edota fabrikazio gehigarria, “hau da, 3D artxibo digital batetik abiatuta objektu fisiko bat lortzea 3D inprimagailu bati esker. Horrela ez dago molderik erabili beharrik, eta aukera gehiago dago produktua pertsonalizatzeko, produktu lote txikiak egiteko eta malguago izateko, kostuak handitu gabe”.

 

Errealitate birtuala eta handitua dira 4.0 Industriaren esparruko beste teknologia batzuk, zeintzuk adibidez aplikatzen baitira oihalen sektorean “jakiteko arropa bat nola gelditzen zaizun jantzi gabe, eta baita ere altzari enpresetan, jakiteko altzari bat nola gelditzen den gela batean”.  Eta ezin ahaztu dronak, “industrian erabiltzen direnak gune arriskutsuen eta azpiegituren ikuskaritza-lanetarako eta balizko akatsei aurrea hartzeko”.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow