Administrazioarekin tramiteak egiteko derrigorrezko postontzi digitalarekin izan duen esperientzia aurkeztuko du Danimarkak Donostian

7 June, 2015

Danimarkako “e-Boks” sistemaren zuzendari Henrik Andersen-ek irekiko du kongresua eta inplementazio prozesua azalduko du. Orobat aurkeztuko da Alemaniako De-Maila sistema, zeinaren erabilerak izugarri egin baitu gora batez ere salatu zenetik espioitza elektronikoko agentzia amerikarrak Alemaniako telekomunikazio sareetan sartu zirela.  “Ma Preuve” (Frantzia) proiektuari buruzko hitzaldian aztergai izango dute gordailu digitalek jabetza intelektualaren babesean duten papera, 910 /2014 (EB) Araudi berriaren babesean sortutako froga digitalen bidez. SPRIk antolatutako topaketa hau ekainaren 17an egingo da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean.

Danimarka mundu mailako liderra da Informazio Gizartearen eta Administrazio Digitalaren garapenean eta bere esperientzia partekatuko du bertaratutako guztiekin ekainaren 17an, Donostian egingo den Interneteko postontzi seguruei eta gordailuei buruzko lehen nazioarteko kongresuan.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRIren bitartez eta Metaposta ekimenarekin lankidetzan sustatu eta antolatu du topaketa hau, non Europako administrazio digitalaren arloko jardunbide egokiak emango baitira ezagutzera arduradun nagusien eskutik. Konferentzian aztergai izango dute Internetek, posta elektronikoak eta komunikazioko aplikazio mugikorrek izan dituzten eraginak, esaterako, posta klasikoaren jaitsiera, bidalitako gutunen bolumena etengabe ari baita murrizten (urtean %5) Europa osoan, gainera, ziurrenik Interneteko postontzi seguruek eta gordailuek ordezkatuko dute pixkanaka.

Kongresua oinarrizko bi zutabetan oinarritzen da. Lehenengoaren bidez aztertzen da nola inplementatu diren zerbitzu digitalak administrazio publikoetan eta nola bultzatu den zerbitzu horien erabilera enpresa nahiz hiritarren artean. Bigarrenaren bidez Interneteko postontzi eta gordailu horiek erabiliz (eta beraz konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatuta) eskaintzen diren hainbat zerbitzu erakutsiko dira: osasuna, jabetza industriala, dokumentu gordailua, administrazioarekiko tramiteak…

Lehen blokean, inplementazio prozesuenean, ekimen hauek ezagutuko ditugu: Data Box (Txekiar Errepublika), Viactt (Portugal), Mina Meddelanden. (Suedia), MijnOverheid (Holanda)  eta De-Mail (Alemania).

Interneteko postontzi eta gordailuek ematen dituzten zerbitzuen atalean, berriz, honako esperientziak azalduko dira: Ma Preuve (Frantzia), PostaCertificat@.it (Italia) eta Metaposta (Euskadi).

Kongresuan aurkeztuko dituzten jardunbide egokien artean azpimarratzekoak dira hauek:

e-boks: Danimarkak mundu osoa harritu du, enpresak faktura elektronikoa egitera behartu zituen lehen herrialdea izan zelako (2006an) eta baita ere esan zuelako administrazio publikoaren, hiritarren eta enpresen arteko harremanak bakarrik digitalak izango zirela (2014an). Danimarkako Parlamentuak aho-batez onartu zituen itxuraz drastikoak diruditen neurri horiek.  2014an e-Boks sistemak 249 M dokumentu kudeatu zituen, 19,8 M euroko negozio zifra sortuz eta 3,9 M euroko onurak lortuz.

eBoks sistemaren inguruan beste mikro-sistema bat ari da sortzen, zeinak aukera ematen baitu integrazio zerbitzuak eta aplikazio sektorial espezializatu berriak sortzeko.

De-Mail. ALEMANIA. Sistema mistoa da, gordailua eta posta elektroniko zertifikatu eta enkriptatua uztartzen dituena, Barne Ministerio Federalak sortua. Bere erabilera izugarri zabaldu da Alemaniako hiritarren artean, batez ere salatu denetik espioitza elektronikoko agentzia amerikarrak telekomunikazio sare alemanetan sartu direla.

Ma Preuve – FRANTZIA. Enpresen  jabetza industriala eta intelektuala babesteko testuinguru prebentibo honetan, konpainiek gero eta interes gehiago daukate  garapen teknologikoen, prototipoen nahiz proiektuen froga digital fede-emaileak sortzeko horiek guztiak organismo espezializatuetan erregistratu baino lehen ere,  edo sekretu industrial bezala mantendu nahi dituztelako.  Arlo honetan Frantzia da herrialde aktiboenetako bat eta MA PREUVE sistemaren esperientzia azalduko du Konferentzian.

METAPOSTA – Euskadi. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Interneteko postontzi segurua, Estatuan martxan dagoen sistema bakarra. Postontzi eta gordailu seguruen zerbitzua eskaintzen die hiritarrei eta enpresei, bertan gorde ditzaten hainbat igorlek (finantza erakundeek, administrazioek, telefono eta energia operatzaileek, hornitzaileek, bezeroek, prestakuntza zentroek, e.a.) bidalitako dokumentuak.  Sinadura digitalak erabiltzeko aukera ematen du eta Zaintza Legala eskaintzen du.

Kongresua Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatu eta antolatu du SPRIren bitartez eta Metaposta ekimenaren laguntzarekin. Ekainaren 17an egingo da Donostiako Zientzia eta Teknologia Parkeko Auditorioan. Goizeko 9:00etan hasiko da eta eguerdiko 14:00etan amaitu.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow