Abian da “European Digital Skills Awards” sariketaren edizio berria

17 October, 2017

Sariketa horrek IKT arloko prestakuntza-ekimen onenak aitortzen ditu.

 

Funtsezkoa da gaitasun digitalak handitzea Europako herrialdeen lehiakortasuna segurtatzeko. Etorkizun gero eta hurbilago batean, IKTekin lotutako gaitasunak ezinbestekoak izango dira lana aurkitzeko, baina baita ere gizartean osoki parte hartzeko. Halere, Europako biztanleen %44k ez du oinarrizko gaitasun digitalik eta langileen %37k gabezia garrantzitsuak dauzka trebetasun digitalen arloan, nahiz eta trebetasun horiek oso baliagarri izango liratekeen beren garapen profesionalerako.

 

Testuinguru horretan, Europako Batzordeak abian jarri du Digital Skills and Jobs Coalition ekimena. Estatu kideek eta antolakunde publiko zein pribatuek osatutako aliantza bat da, eta helburutzat du gaitasun digitalak sustatzea europarren artean. Koalizio horrek abian jarri dituen ekintzen artean aipatzekoa da European Digital Skills Awards sariketa, aurten bigarren edizioa egingo duena. Sari horiek aitortza egiten diete gaitasun digitalen arloko prestakuntzan inpaktu handiena izan dezaketen proiektuei.

 

Sariak lau kategoriatan bereizten dira: eskoletan martxan jarritako prestakuntza-ekimenak, publiko orokorrari zuzendutakoak, lan-inguruneetara zuzendutako proiektuak eta IKT arloko profesionalen gaitasunak hobetzeko prestakuntza-proiektuak. Horiez gain, sari bat banatuko da genero eten digitala murriztea helburu duten eta neskato eta emakumeei zuzenduta dauden ekimen onenentzat. Edozein antolakunde, enpresa edo erakunde publikok parte har dezake sariketan, eta parte hartzeko aski da online izena ematea azaroaren 1a baino lehen. Digital Skills and Jobs Coalition konferentzian jakinaraziko dira proposamen irabazleak, abenduaren 7an Bruselan.

 

Hauek izan ziren Digital Skills Awards sariketaren lehen edizioko finalistak: Coding Masters, Polonia osoko ikasgeletan programazioa sustatzen duen proiektua; Bulgariako IT Talents Training Camp prestakuntza-programa trinkoa, ikasle graduatuei lana eskaintzen diena IKT arloko enpresetan; eta Zibersegurtasunerako Institutu Nazionalak autonomo eta ETEentzat sortutako onlineko ikastaroak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow