Euskal gazteriaren %97 egunero konektatzen da sare sozialetara

27 urria, 2016

WhatsApp da gehien erabiltzen den plataforma, eta atzetik datoz Facebook, Youtube eta Instagram.

 

Sare sozialak sozializazio eta komunikaziorako eguneroko espazio bihurtu dira, batez ere gazteen artean. Halere, kanal horien erabilpenean desberdintasun garrantzitsuak daude adinaren, sexuaren eta interes pertsonalen arabera. Gazteriaren Euskal Behatokiak azterlan batean jaso ditu Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko neska-mutilek sare sozialei ematen dieten erabilpenari buruzko datu garrantzitsuenak.

 

Ondorioetako bat da komunikazio espazio horiek omnipresenteak direla euskal gazteen bizitzan, %99k gutxienez sare sozial bat erabiltzen baitu, eta %97,5 egunero konektatzen da gainera. Batez beste, hiru plataformatan sartzen dira egunero, eta WhatsApp da, alde handirekin, gehien erabiltzen den sare soziala, adina eta sexua gorabehera; hain zuzen, %96 dira WhatsApp egunero erabiltzen dutenak. Horren atzetik datoz Facebook, Youtube eta Instagram, baina, kasu horietan, desberdintasunak daude erabiltzaileen profilaren arabera.

 

gráfico redes sociales más usadas.

 

 

Sare sozialak adinaren eta generoaren arabera

 

Behatokiak egindako azterlanaren arabera, neskek presentzia handiagoa dute harremanetan jartzeko eta irudiak partekatzeko sareetan, hala, Facebook, Instagram eta Snapchat dira gehien erabiltzen dituztenak. Bestalde, mutilek gehiago erabiltzen dute Youtube. Adinari dagokionez, erabiltzaile gazteenek -15 eta 19 urte bitartekoek- gehiago erabiltzen dituzte Instagram, Youtube eta Snapchat, eta inkestatuen adinean gora egin ahala -20 eta 29 urte bitartekoak- gehiago dira Facebook eta Linkedin erabiltzen dituztenak; tarte horretan ez dira hainbeste erabiltzen Instagram, Youtube, Snapchat eta Twitter. Hala, hauek dira erabiltzaile profil ohikoenak: 20 eta 24 urte bitarteko emakumeak Facebook-en, 15 eta 19 urte bitarteko mutilak Youtube-n, eta 25 eta 29 urte bitarteko mutilak Linkedin-en.

 

Gráfico redes sociales por edades y sexo

 

Ziber-aktibismoa eta ziber-jazarpena

 

Inkestan jasotako datuek erakusten dute euskal gazteen herenak baino gehiagok eztabaida politikoekin lotutako gaiak zabaltzeko edo salatzeko baliatzen dituztela sare sozialak. Gehienek babesa emateko ekintzak egin dituzte, lehendik existitzen diren testuak eta irudiak berriro bidaliz edo norbere iritzia azalduz; aldiz, gazteen %8,6k bakarrik sustatu ditu eztabaidak eduki berriak sortuz.

 

Azkenik, Behatokiak sare sozialetako ziber-jazarpenari buruzko datuak jaso ditu. Azterlanak dio gazteen %4,5ek jazarpen egoerak bizi izan dituela plataforma horietan, 15 eta 19 urte bitarteko kolektiboa delarik kaltetuena. Jazarpen mota ohikoena da WhatsApp taldeetatik botatzea, baina inkestatutako gazteen %8,4k adierazi dute nortasuna ordezkatu dietela sare sozialen batean, eta %6,6k esan dute beste norbaitek bere argazki edo bideo konprometituren bat zabaldu duela Interneten, bere baimenik gabe.

 

Txostena egiteko Euskadiko 1.500 gazte inkestatu dira, eta Gazteriaren Euskal Behatokia euskal gazteei buruz osatzen ari den azterlan zabalago baten parte da.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow