Bizkaiko 24 startup sartuko dira “Cambridge Innovation Center” zentroan

22 June, 2016

Izena emateko epea zabalik dago eta hautatuek aukera izango dute Bostoneko berrikuntza hub batean 6 hilabeteko egonaldia egiteko.

 

Bizkaiko Foru Aldundiak eta MassGlobal Partners erakundeak lortutako akordio bati esker, abian da BISC-Bizkaia International Startup Connection programa. Ekimenaren helburua da aukera ematea Bizkaiko startup eta negozio proiektu berritzaileei urte erdiz Cambridge Innovation Center-eko instalazioetan kokatzeko. “Cambridge Innovation Center” Massachusetts-en dagoen ekintzaileen komunitate bat da.

 

Hub horretako instalazioak erabiltzeaz gain, akordioaren bidez ekintzaile aukeratuak harremanetan jarriko dira haztegian lan egiten duten 1.000 startup baino gehiagoko sarearekin, aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute eta bidea irekiko zaie nazioarteko inbertsioetarako. Akordioak bere gain hartuko ditu proiektu bakoitzeko pertsona baten bidaia eta ostatu kostuak.

 

Deialdia zabalik dago uztailaren 5era arte, eta beraizik zuzendurik dago 10 urte baino gutxiago dituzten Bizkaiko enpresei, startup-ei edo proiektuei, betiere teknologia sektorean lan egiten badute eta osagai berritzaile handia badute. Lehen edizioan lau enpresa proiektu hautatuko dira, eta lau horiek Massachusetts-eko CICn kokatuko dira apiriletik irailera. Akordioak 3 urteko iraupena du, eta urte bakoitzean bi deialdi egingo dira.

 

BISC programa Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak martxan jarritako estrategia baten barruan kokatzen da, eta estrategia horren helburua da Bizkaiko enpresa ekimen berritzaileenak harremanetan jar daitezela ekintzailetza-sare globalekin, nazioartean hedatzen laguntzeko. Akordio hori MassChallenge Biscay ekimenari batu zaio, zeina joan den urrian aurkeztu baitzen helburu berberarekin.

 

MassChallenge Biscay startup-entzat urtero antolatzen den lehiaketa bat da, eta urte hasieran egin zuen bere lehen edizioa. 55 enpresak parte hartu zuten txapelketan, eta 10 irabazleak Bostonera joan ziren martxoan astebeteko azkartze programa bat egitera. Ariadna Instruments, Wegow eta WiMi5 startup bizkaitarrak hautatuak izan ziren MassChallenge lehiaketaren mundu mailako finalerdietan parte hartzeko eta mundu osoko beste 300 enpresa ingururekin lehiatzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow