2018rako SEO joera berriak

21 abendua, 2017
Ordenagailuaren pantaila.

 

SPRI Taldeak mintegi bat antolatu du posizionamendu arloko nobedadeak ezagutarazteko

Bilatzaileetan ongi posizionatzea funtsezkoa da erabiltzaile, bezero eta irakurle berriengana iristeko, bestela, gure edukiak lurperatuta geldi daitezke Sare erraldoian. Horregatik, ezinbestekoa da SEO arloko azken joerak ezagutzea eta beren potentziala ahalik eta gehien aprobetxatzea.

 

Datorren urtarrilaren 17an, SPRI Taldeak SEO 2018an: Featured Snippets, ahots bilaketak eta PWA mintegia antolatu du Garaia Enpresa Digitalaren bitartez. Garaia Berrikuntza Gunean egingo den jardunaldi horretan ezagutzera emango dira posizionamendu arloko nobedadeak eta nobedade horiek praktikan jartzeko giltzarriak. Fernando Maciá Domene-k, irakasle eta Human Level enpresaren sortzaileak, azalduko du zeintzuk izango diren hiru SEO joera garrantzitsuenak hastera doan urte honetan: Google-ko zati nabarmenduak, ahots bidezko bilaketak eta web aplikazio progresiboak.

 

Egitarauaren barruan azalduko da zer diren Featured Snippets delakoak, hots, Googlek bilaketetatik atera eta emaitzaren “zero posizioan” kokatzen dituen koadro nabarmenduak. Topaketara doazenek bertatik bertara ikasiko dute zein gako sortu behar diren eta nola, bilatzaileak gure edukia aukeratu dezan Featured Snippet bat sortzeko.

 

Jardunaldian hizpide hartuko dira ahots bidezko bilaketak eta nolako eragina duten erabiltzaileen bilaketa ohituretan. Azkenik, Fernando Maciák aztergai izango du PWA joera, zeinak mugak ezabatu baititu web aplikazioen eta aplikazio mugikor natiboen artean. Web aplikazio progresiboen bidez bateragarri egiten dira webguneak eta aplikazioen prestazioak. Hala, esperientzia osoagoa eskaintzen dute.

 

Mintegia dohainik izango da, eta beraizik zuzentzen zaie community manager, onlineko marketin arduradun, webguneen kudeatzaile eta ekintzaileei. Fernando Maciá Human Level Communications-en (onlineko marketin eta bilatzaileen posizionamendu aholkularitza) sortzaile eta zuzendari nagusia da, horrez gain, irakasle-lanetan dihardu Espainia eta Latinoamerikako hainbat unibertsitate eta negozio-eskolatan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow