2018: AAren promesa gauzatzen hasi da

12 abendua, 2017
líneas digitales

Big Data eta aplikazio adimendunak negozio estrategietan txertatuko dira

 

Adimen artifiziala izan da 2017ko etorkizuneko joera handiena, eta aholkularitza teknologikoak bat datoz esatean datorren urtetik aurrera enpresa liderrak adimen artifiziala txertatzen hasiko direla beren negozio-estrategietan. AA teknologiei esker posible izango da negozio-ereduak eta erabiltzailearen esperientzia berrasmatzea, baina bere inplementazio-prozesua ez da izango ez azkarra, ez erraza.

 

Forrester aholkularitzaren esanetan, konpainien %70ek uste dute adimen artifiziala inplementatuko dutela datozen 12 hilabeteetan (datu hori %50 ingurukoa zen 2016aren amaieran). Aholkularitza horren arabera, konpainien %20k horrelako teknologiak erabiliko dituzte erabakiak hartzeko eta denbora errealeko argibideak eskuratzeko. Gartner aholkularitzak ITxpo 2017 sinposiumean azpimarratu zuen AA izango dela negozio-eredu berriak sortzeko motor garrantzitsuenetako bat hemendik eta 2025era arte.

 

Gartner-ek dio datozen urteetan aplikazio eta zerbitzu guztiek izango dutela adimen artifiziala, bai berritzaileenek eta bai lehendik existitzen zirenek. App adimendun horiek bitartekari-lanak egingo dituzte pertsonen eta sistemen artean, eta gizakiaren gaitasunak handituko dituzte ordezkatu beharrean. ITxpo 2017 topaketan orobat azpimarratu zen Gauzen Internetek eboluzionatu egingo duela “gauza adimendunak” sortzeko, non objektuak, konektatuta egoteaz gain, gai izango baitira ikasteko.

 

Datuen analitika arloko aurrerapenei esker hazi egingo da insight-as-a-service joera. Gero eta zailagoa da Big Data aztertzea ezagutza erauzteko eta enpresa gehienak ez dira gai azterketa hori egiteko. Forrester aholkularitzaren arabera, 2018an enpresen %66k kanporatu egingo dituzte funtzio horiek, datuen analitika zerbitzuak eskaintzen dituzten hornitzaileak kontratatuz.

 

Azkenik, Blockchain sistema etorkizuneko promesa handi bihurtu da 2017an. Gartner aholkularitzak dio teknologia horrek sekulako potentziala duela, eta ez bakarrik finantza sektorean, baita ere gobernuen esparruan, osasun arloan edo edukien banaketan. Baina heldu gabeko teknologia da oraindik, eta ez dago ongi araututa. Sistema hori inplementatzeko, blockchain sistemaren gaitasunak eta mugak ulertu behar dira.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow