NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:


BERTSIO INPRIMAGARRIRAKO GOIBURUA:

SPRI logotipoa    Euskadi+innova logotipoa

ORRIALDEAREN GOIBURUA:

SPRI logotipoa

MENU LAGUNGARRIA:

Berrikuntza bidez hobetu

ORRI HONETAKO BIDE-IZENA:


ORRIAREN EDUKIA:

“Akatsak minimizatzea eta industriarako piezak ateratzea da helburua” · Lander Galdos, Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea

Bozkatu elkarrizketa hau
Emaitza:      0 boto
Elkarbanatu: Twitter Facebook Google + Delicious Menéame
Galdos

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Proform izeneko proiektu batean parte hartu zuen, 2007tik eta 2010era bitartean. Askotariko auto-modeloen xasisak makina bakar batean egin ahal izateko teknologia garatzea zen helburua, eta automobilgintzaren alorreko zenbait ekoizlek eta ikerketa-zentrok buru-belarri jardun zuten horretan, egitasmo haren barruan. Gaur egun, Proformen abiarazitako ikerketa-lerro horri tiraka jarraitzen dute proiektu horretako kide batzuek; tartean, Lander Galdos eta MUko beste 20 bat ikertzaile eta ikasle.

Orain egiten ari zareten lanak Proform proiektuan du abiapuntua. Zertan zetzan?

Europako Batasuneko Seigarren Esparru Programako proiektu bat izan zen Proform. Ibilgailuetako xasisetan pieza mordo bat estanpazioz egiten da, prentsa eta trokelen bidez. Baina pieza asko ez dira zuzenak, kurbadunak baizik; profil aldakorra dute altueran edo zabaleran, eta ez dago profilaketa-teknologiarik horretarako. Halakoetan, adibidez, zati bat estanpatuta duen pieza bati profil luze bat soldatzen zaio, edo, bestela, dena estanpatzen da. Horren arazoa da profilak oso luzeak badira trokelak ere oso luzea izan behar duela, eta garestiagoa da. Eta, gainera, ezin da aldakera txikiena ere sartu, trokela trokela delako. Orduan, Proformen ideia nagusia zen kondizioak hobetzea, teknologia berri bat erabilita: profilaketa aldagarria edo malgua.

Eta zer da hori?

Orain arte, makinako arrabolak lerrokatuta zeuden, beti zuzen. Orain, aldiz, txapa estazioz estazio igarotzen den heinean, arrabolak mugitu egiten dira; zabalduz eta biratuz, txapari eman nahi zaion formari jarraiki. Horrela, kontzeptua ikaragarri aldatzen da: profil luze eta jarraitua egin dezakezu, eta bat-batean kontrola aldatu eta zabaldu... Adibidez, Focus familia-auto baten xasisa Focus arruntarena bezalakoa da, baina pixka bat luzeagoa. Bada, kontrol horrekin, aldaketa hori egin daiteke.

Beraz, profilaketa aldagarriarekin, auto-etxe batek makina bakarra aski luke askotariko modeloen xasisak egiteko, ezta?

Diseinu adimentsua eginda, bai. Baina hori kontzeptua da, noski; gero, arazo batzuk daude. Adibidez, mugitzean akats batzuk sortzen dira, eta oraindik handiak dira arazo horiek. Proform egin zenean, akatsa txikitzea lortu genuen, eta bi milimetrokoa izatea (metro eta erdiko profilean). Gutxi ematen du horrek, baina, automobilgintzan, asko jota 0,5 milimetroko akatsa onar daiteke. Orduan, ezin izan genuen industrializatu, baina hiruzpalau linea saldu ziren, eta aurrerapauso handia izan zen. Hobetu behar da, saldutako linea horiek kamioiak egiteko erabiltzen baitira, eta kamioietan, egia esan, baldintzak ez dira hain zorrotzak. Hortaz, Proformeko kide batzuek lan horretan jarraitzen dugu.

Zeinekin ari zarete lanean orain?

Batetik, Data M Sheet Metal Solutions enpresarekin ari gara; alemaniarrak dira, eta oso aktiboak profilaketen simulazioan. Bestetik, Euskal Herrian, Fagor Arrasaterekin eta Gestampekin gabiltza, eta hirurok proiektu bat daukagu Cenim-CSICekin batera: Avanroll. Cenim-CSIC ez zegoen Seigarren Esparru Programan; aluminioarekin jokatzen ari gara orain, eta horregatik sartu da (metalurgia-ikerketetarako zentro bat da). Lan horietan denetan, helburua bera da: akatsak minimizatzea eta industriarako piezak ateratzea.

Zergatik ari zarete material berriak probatzen?

Erresistentzia handiko aluminioarekin ari gara orain, bai, eta erresistentzia handiko altzairuarekin ere bai. Baina joera orokorra da hori. Hala, erresistentzia askoz ere handiagoa izatea lortzen da, eta, beraz, material gutxiago sartzeko aukera izaten da, pisua kendu, CO2-a eta kontsumoa gutxitu, kostua... Garraioan, joera orokorra da.

Zer instalazio dituzue lan horiek guztiak egiteko?

Arrasateko laborategian prentsa mekanikoak ditugu, hidraulikoak, profilaketa-makina txiki bat... Eta, laster, profilaketa aldagarrirako makina bat ekarriko digute Fagorretik. Makina arrunta da; ez du industria-profilak egiteko balio, baina baliagarria da ikusteko ea gure soluzioak onak diren industriarako.

Zer asmo duzue hemendik aurrera?

Adibidez, Avanroll proiektuan, zabalerako profilaketa aldagarriaren akatsak minimizatzen ari gara. Asmoa zera da: ez zabalera bakarrik, baizik eta altuera ere jorratzea. Eta hirugarren aukera litzake toleste aldagarria lantzea. Hau da, pieza bat hemen zuzena, hemen tolestua, hemen berriro zuzena... egin ahal izatea. Eta material berriak probatzea da gure beste asmoa: magnesioarekin, aluminioarekin eta titanioarekin ari gara.

  • Data: 2012/02/02



NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: