Sorgailu fotovoltaiko eraginkorragoak

28 March, 2017
Vitoria - Gasteiz 23-03-2017. Fotografías de entrevista a Oscar Barambones, profesor de Ingeniería de Sistemas. Escuela de Ingenieros. Nuria González

Oscar Barambones, UPV/EHUko ikertzailea

UPV/EHUk eguzki-panelen eraginkortasuna optimizatzea ahalbidetzen duen kontrol-sistema bat garatu du

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikertzaileek sorgailu fotovoltaikoen eraginkortasuna optimizatu eta, aldian aldiko erradiazio eta karga baldintzen gainetik, une oro potentziarik handienean jardutea ahalbidetzen duen kontrol-sistema elektroniko bat garatu dute.

 

UPV/EHUko Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko Kontrol Aurreratuko Taldeak garatutako metodoak jarduera-puntu egokian lan egiteko aukera ematen die eguzki-panelei, eguzkitik hartutako errazio-mailaren eta sistemari konektatutako kargaren arabera egokituz.

 

“Kontrol mota berritzaile eta adimenduna da, guztiz sendoa inguruneko baldintza aldakorren aurrean. Gainera, probak panel fotovoltaiko komertzialekin egin ditugunez gero, sektorean zuzen-zuzenean aplika liteke”, adierazi du taldeko Oscar Barambones ikertzaileak.

 

Garatutako sistemak sorgailu fotovoltaikoen eraginkortasuna hobetzen du, egungo kontrol-prozeduren aldean. “Egungo sistemetan, perturbazioa/behaketa estiloko algoritmoak erabili ohi dira, eta horren ondorioz, sorgailu fotovoltaikoaren jarduera-puntua etengabe aldatu ohi da, puntu optimo zehatzean lan egiteko aukerarik gabe”, ziurtatu du Barambonesek.

 

UPV/EHUk probatutako metodoak kontrol-eskema irristakorra erabiltzen du. Unibertsitateak ohar baten bidez jakinarazi duenez, kontrol-mota hau arras egokia da zalantzaguneak dituzten sistemetarako. “Ez da egoten beti erradiazio berbera, eta sorgailura konektatzen den karga ere aldakorra da. Kontrol-mota honek, bere ezaugarriengatik, zalantzagune horiek gainditu eta sorgailuaren jarduera-puntua aldian aldiko baldintzetara egokitzeko gaitasuna du, une oro puntu optimoan lan egin dezan”, argitu du ikertzaileak

 

Sistemak, ordea, kalkulu-ahalmen handiagoa eta elementu indartsuagoak eta, beraz, garestiagoak dituzten prozesagailuak behar ditu, oharrean zehaztu denez.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow