Zazpi kluster-estrategia ezberdin Europar Batasuneko eskualdeetan

1 ekaina, 2016
(Español) Un momento de la jornada celebrada en el BEC de Barakaldo.

SPRI Taldeak zuzendutako jardunaldi batean bildurik, Eskozia, Ipar Irlanda, Hungaria, Polonia, Italia eta Letoniako ordezkariek ezagutzera eman dituzte enpresa-elkarteen garapenean izan dituzten esperientziak. Topaketan argi geratu da duela 25 urte baino gehiago abiatutako klusterren euskal politika asko garatu dela, eta Europako hainbat eskualdek adierazi dute beren lurraldeetara egokituko dituztela Euskadiko esperientzia onak.

 

Asteazken honetan Barakaldoko BEC eraikinean egin den jardunaldi batean, Europako zazpi eskualde bildu dira ezagutzera emateko klusterren erabilpenaren arloan izan dituzten esperientziak (nazioartekotzeko eta beren negozioa zabaltzeko elkartzen diren sektore bereko enpresen arteko elkarteak dira klusterrak).  SPRI Taldeak-Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak zuzendu du jardunaldia, helburutzat harturik klusterrak bultzatzea EBko hainbat eskualdetan.   Euskadiz gain, Eskozia, Ipar Irlanda, Hungaria, Polonia, Italia eta Letoniako ordezkariek parte hartu dute, eta baita ere TCI – Competitiveness Institute erakundeak  (Kluster arloko antolakunde eta profesionalen sare globala). 2014. urteaz geroztik Eusko Jaurlaritzak SPRIren esku utzia du kluster politikari laguntzeko, berrikusteko eta eguneratzeko programaren kudeaketa. 2015eko udazkenean hasitako gogoetaren ondorioz, aurten araudi berri bat sartuko da indarrean.

 

Topaketan argi geratu da duela 25 urte baino gehiago abiatutako klusterren euskal politika asko garatu dela

Topaketan argi geratu da duela 25 urte baino gehiago abiatutako klusterren euskal politika asko garatu dela. Ekitaldian parte hartu duten Europako hainbat eskualde harrituta gelditu dira Euskadiko esperientziarekin, eta adierazi dute beren lurraldeetara egokituko dituztela hemengo esperientzia onak.

 

“Ipar Irlandan lanean ari gara 1996tik. Badugu espezializazio adimenduneko estrategia bat, Bruselan 2004an onartua, eta klusterrak dira bide hori lehenesteko modu bakarra”, esan du Irlandako ordezkariak. Orobat esan du “garrantzitsua dela hala goitik nola behetik begirako ikuspegi bat izatea. Asko gustatu zaigu Euskadin makina-erremintaren sektorean egin dena, eta guk ere aplikatu behar dugu”.

 

Italiako Piamonte eskualdeko ordezkariak esan du kluster politika bat dutela 2009tik, “eta matxan jarri genuen beharrezkoa zelako I+Ga ETEetan zentratzea. Gure eskualdeko enpresen %90 ETEak dira, eta ez da erraza ETEek I+Gn inbertitzea. Gu goitik beherantz hasi ginen klusterrak hautatzeko”.

 

Letonian klusterrak ez dira izan lehentasuna, “baina orain ikusten dugu enpresariei asko interesatzen zaizkiela”, esan du Letoniako ordezkariak. “Lagundu nahi diegu  eta politika bat definitu. Finantzaketa programa bat osatzen ari gara, eta enpresak oso interesatuta daude. Ikusi behar dugu nola egokitu ditzakegun existitzen diren ereduak gure errealitateetara”.

 

Polonian ere ez dute kluster politikarik, baina 2014an hasi ziren aplikatzen RIS3 espezializazio adimenduneko estrategia

Polonian ere ez dute kluster politikarik, baina 2014an hasi ziren aplikatzen RIS3 espezializazio adimenduneko estrategia, hots, Europar Batasunak finkatu duen eredua eskualdeek eremu bakoitzeko potentzial handieneko  sektore industrialak bultza ditzaten. “Enpresa elkarte sektorialei lagundu nahi diegu, ez enpresei bakarka”, esan du Poloniako ordezkariak.

 

SPRIko Txomin Olabarrik azaldu du Euskadin klusterrak “lehiakortasuna sustatzeko” bultzatu zirela, eta “pixkanaka balio-kateak sortu direla, ez bakarrik eskualde mailakoak, baizik globalak”.

 

Eskoziak ere ez dauka kluster politikarik, eta hango ordezkariak hala esan du:  “gure eskualdeak oso desberdinak dira. Nire eskualdean mikro-enpresak dira gehienak, eta oso barreiatuak lurraldean. Klusterren bidez aukera izango lukete elkarrekin berritzeko. “Eskozia iparraldearen eta hegoaldearen arteko etena txikitzen lagunduko liguke”.

 

Hungarian “kluster zaharrak eta berriak” dauzkatela esan du hango ordezkariak. “Baditugu hamarretik gora kluster, eta ikusi dugu enpresek klusterrak eskatzen dituztela. Horregatik inplikatu nahi dugu klusterren politikan eta ikasi nahi dugu beste eskualde batzuetan egin diren gauzekin”.

 

Alex Arriola, SPRI Taldeko zuzendari nagusiak ireki du jardunaldia eta enpresa elkarte horien balioa azpimarratu du. “Klusterrak oso garrantzitsuak dira Euskadin enpresen arteko lankidetzarako”.

 

Juan Otegik, IK4 teknologi zentroko merkatu-zuzendariak, azpimarratu du klusterrak oso baliotsuak direla enpresen eraldaketa teknologikorako. “Klusterrekin askoz informazio hobea daukat jakiteko nondik nora dabilen euskal industria, eta horrela askoz hobeto egokitu ditzaket nire baliabideak lurraldearen premietara”.

 

Tecnalia zentroko zuzendari Joseba Jauregizarrek Euskadiko klusterren historia azaldu du, eta aurreratu du asmoa dagoela harreman berri bat sortzeko “teknologi zentroen eta klusterren artean, proiektu berriak sortzeko RIS3 estrategiaren esparruetan”.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow