Vidralak Santos Barosa enpresa portugaldarra erostea erabaki du

28 June, 2017
Eragiketak 250 milioi euro inguruko balioa du

Euskal konpainiak Portugalgo enpresaren % 100 lege eta finantza arloko ikuskapenak amaitu ondoren erostea aurreikusi du

 

Beirazko ontziak fabrikatzen dituen Vidrala enpresa arabarrak Santos Barosa Vidros konpainia portugaldarra erosteko asmo-akordioa itxi du. 250 milioi euro inguruko balioa duen eragiketa hau, aurtengo ekitaldiko hirugarren hiruhilekoan amaituko diren ikuskapen eta ikerketen ondoren gauzatuko da, nahitaezko baldintza baitira kontratua sinatu ahal izateko.

 

Euskal enpresak iragarri duenez, familia talde baten jabetzapeko konpainia portugaldarraren % 100 erosiko du, eta eragiketaren 250 milioiko kostua finantzatzeko banku-zorraz baliatuko da. Nolanahi ere, eragiketaren amaierako zenbatekoa aldakorra izan daiteke Santos Barosaren zorraren arabera, baina Vidralak bere horretan hartuko du transakzioa itxi ondoren.

 

Konpainia arabarrak filial bat dauka Portugalen, Gallo Vidro, eta horrexen eskutik abiatu zuen 2003an ekoizpenaren nazioartekotzea. Enpresa hori Marinha Grande herrian finkatuta dago, Santos Barosaren kokapen bertsuan. Hurbiltasun horri esker, eskalako ekonomiak sortu eta kostu finkoak murriztu ahal izango dira, Vidralaren aurreikuspenen arabera.

 

Urtean 400.000 tona beira fabrikatu eta merkaturatzen dituen Santos Barosaren ekoizpena iberiar merkatura bideratuko da, nagusiki espainiarrera. Erosketa amaitutakoan, hauxe izango da enpresak bi urteko epean egiten duen bigarren erosketa handia, izan ere, 2015ean Encirc Britainia Handia eta Ipar Irlandako ontzi-fabrikatzailea erosi zuen, 408 milioi eurotan.

 

Iturria: Expansión

 

 

 

Vidrala enpresaren aurkezpen bideoa

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow