Azken bost urteotan, CDTIk 412 milioi euro bideratu ditu Euskadin enpresa arloko I+G+B sustatzeko

11 May, 2017

Ihardunaldiaren momentu bat.

CDTIk eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean dihardute enpresa berritzaileei laguntzeko

Azken bost urteotan, CDTIk 712 proiektu onartu ditu Euskadin. Zentro horrek 000 milioi euro bideratuko ditu aurten Espainia osoan enpresa arloko I+G+B proiektuak finantzatzeko

 

2017ko maiatzaren 11a. Enpresa arloko ehun lagun inguru bertaratu dira gaur Bilbon egin den “Enpresa arloko I+G+B-ren finantzaketa. CDTIren laguntza eta ekintzak eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza programak” jardunaldira.

 

Ekitaldia inauguratu dute Iosu Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Saileko Teknologia eta Estrategiako zuzendariak, eta Francisco Marínek, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren (CDTI) zuzendari nagusiak. Azken horrek azpimarratu du “bi erakundeek urteak daramatzatela elkarrekin lanean, Autonomia Erkidego honetako enpresei zerbitzu hobea emateko”.

Bestalde, Iosu Madariagak aipatu du Euskadin berrikuntza arloan urtez urte egiten den inbertsioa %6 hazi dela aurten, “helburutzat harturik inbertsio publikoaren bitartez inbertsio pribatua sustatzea eta Euskadiren inbertsioa sendotzea enpresa-sareari balio erantsi handiagoa emango dioten produktu industrial berriak bilatzeko. Zentzu horretan, Madariagak azaldu du 2017an 146,7 milioi bideratuko direla 4.0 Industriari bultzada teknologikoa emateko.

 

Esan du iaz laguntza publikoak 360 milioi euroko inbertsioa mobilizatu zuela, eta “aurten antzeko zifra bat lortzea” espero dutela. Gainera, I+G+B-rako diru-laguntzak jaso dituzten euskal enpresen %48k enplegua sortu dute, zehazki, 1.100 lanpostu. “Enpresen %59k 488 milioi euro hobetu dute beren fakturazioa, hau da, jasotako inbertsioa halako bost fakturatu dute”.

Francisco Marínek bere hitzaldian azaldu duenez, “azken 40 urteotan, CDTIk –Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren menpeko organismoak- laguntzak eman dizkie 12.400 enpresa baino gehiagori, enpresetako ikerketa, garapen eta berrikuntzara bideratutako programen bitartez. Gainera, 23.500 milioi eurotik gora mobilizatu dira I+G+B-ko proiektuak finantzatzeko; horietatik 14.700 milioi CDTIk emandako finantzaketari dagozkio eta gainerako 8.800 milioiak, berriz, Espainiako erakundeek nazioarteko programa desberdinetan (Horizontea 2020, Europako Agentzia Espaziala-ESA, eta Instalazio Zientifiko Handiak) parte hartzeagatik eskuratutako itzuleratik eratorritakoak dira.

Francisco Marínek nabarmendu du CDTIk aktiboki lan egiten duela berritu nahi duten konpainiei informazioa eta aholkularitza emateko, eta Euskadiko enpresa askok agertzen duten espiritu ekintzailea azpimarratu du. Aipatzekoa da, azken bost urteotan, Euskal Autonomia Erkidegoa laugarren postuan dagoela organismo horrek onartutako proiektu kopuruaren eta emandako finantzaketa bolumenaren adierazleetan. EAEko enpresentzat bideratutako funtsak epealdi horretan Espainia osorako bideratutako funtsen %11 dira.

 

“Azken bost urteotan –azaldu du Francisco Marínek–, CDTIk EAEko konpainiek garatutako 712 proiektu onartu ditu eta 412 milioi euro mobilizatu ditu. Horrek agerian uzten du zein indartsua den erkidego hau I+G+B-rekin lotutako alderdi guztietan”.

“Bestalde ­–erantsi du–, aurten 1.000 milioi euro inguru mobilizatuko ditugu Espainia osoan enpresa arloko I+G+B-ko proiektuak finantzatzeko, eta bide horretatik, enpresen inbertsioak indartzeko eta BPGaren hazkunde-erritmoarekiko tartea murrizteko”.

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow