Airestudio industria esparruan sartu nahian dabil

1 June, 2017

Konpainia arabarra geoinformazioko soluzio integraletan espezializatuta dago

 

Zerbitzu-eskaintza merkatu berrietara eraman eta 4.0 Industria ezartzen laguntzeko asmoz, geoinformazioko soluzioetan espezializatuta dagoen Airestudio enpresa arabarrak aurten industria sektorearen alde egitea aurreikusi du.

 

Kartografia, arkitektura eta errepide-azpiegituretako mantentze-lanak bezalako sektoreetan lanean diharduen kooperatiba honek beste segmentu ekonomiko batzuetara zabaldu nahi ditu bere negozio-aukerak.

 

“Kalitate metrikoa eta doitasun handia duen hiru dimentsioko informazioaren sorkuntzak makineria eta instalazioak dokumentatu, alderantzizko ingeniaritza egin, kalitate-prozesuetan lagundu edota mantentze-lanak kontrolatzea ahalbidetzen du, besteak beste, eta horrek merkatuko segmentu honen alde irmotasunez apustu egitera bultzatu gaitu”, ziurtatu du Lorenzo Díaz de Apodaca kooperatibako bazkideak.

 

Airestudiok ekoizpen-lantegiak eta instalazioak efizientzia handiagoaz ezagutzeko soluzioak garatzeari ekingo dio, fabrikazio-inguruneak birdiseinatu eta makineria lekuz aldatzeko prozesuak eta inplementazio berrietarako soluzioak hobetzeko asmoz, beste hainbat funtzionalitateren artean.

 

“Zeozer hobetzeko, lehendabizi ezagutu eta ondo inbentariatu behar da. Hortik aurrera hartzen diren erabakiek efizientzia handiagoa izango dute”, gaineratu du Díaz de Apodacak.

 

Enpresa 2013an sortu eta Arabako Teknologia Parkean kokatuta dago, eta datuak lehorrez, airez nahiz itsasoz atzitu eta horiek landu eta aztertzeko soluzioak eskaintzen ditu, informazio baliagarria bihurtu ahal izateko.

 

Iturria: Estrategia Empresarial

 

 

Airestudio konpainiaren aurkezpen bideoa

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow