ES | EU


2017ko Urria 11


Lehiaketa hori Horizontea 2020 programaren barruan egingo da.

 

Bilbo da WeLive proiektuan parte hartzen duten Europako lau hirietako bat, Trento, Novi Sad eta Helsinki eskualdearekin batera. Ekimen horren helburua da aplikazio mugikorrak sortzea hiritarrei zerbitzu publikoak hurbiltzeko eta, bide horretatik, beren benetako premiei erantzuteko. Plataforma bat sortu da, bertara bil daitezen ideiak eta proposamenak, eta konponbideen garapenerako datu-base irekiak eta baliabideak.

 

Horrelako aplikazio mugikor gehiago sustatzeko antolatu da WeLive Bilbao hackatoia, hirirako aplikazio baliagarriak sortu nahi dituzten norbanako, enpresa, startup edo lantaldeei zuzendutako lehiaketa. Konponbideek erantzuna eman behar diete WeLive plataforman erregistratuta dauden beharrizanei edo proiektuaren helburuekin bat datozen erronka berriei.

 

Parte-hartzea sustatzeko, iaz ideiak biltzeko bi lehiaketa egin ziren. Lehiaketa horien helburua zen ekintzailetza bultzatzea hirian eta ikusgarritasuna ematea hiriko gazteek antolatutako jarduerei. Hona hemen saritutako ideia batzuk: coworking espazioak bilatzeko app bat; onlineko zerbitzu bat, Bilbao Ekintza ekimenak eskaintzen dituen laguntzei eta baliabideei buruzko informazioa emateko; eta Bizkaiko hiriburura iristen diren gazteei laguntzeko aplikazio bat. Ideia horiek eta plataforman dauden beste batzuk abiapuntutzat har daitezke WeLive Bilbao hackatoian aplikazioak garatzeko.

 

Parte hartu nahi duten pertsona edo lantaldeek WeLive espazioan eman behar dute izena urriaren 24a baino lehen, eta aplikazio funtzional bat aurkeztu beharko dute azaroaren 25erako. Urriaren 24an laguntza-saio bat egingo da Bilbon, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean, non lantaldeek aukera izango baitute aholkularitza jasotzeko eta zalantzak argitzeko. Azaroaren 30ean jakinaraziko da zeintzuk izan diren ideia irabazleak. Zazpi irabazleek 8.000 euroko balioa duen material elektronikoa jasoko dute.

 

12 bazkidek –ikerketa zentroak, enpresak, unibertsitateak eta administrazio publikoak- osatzen dute WeLive proiektua. Bilbon abiarazitako proiektu pilotuan parte hartzen dute, besteak beste, Tecnaliak, Deustuko Unibertsitateak, Bilboko Udalak eta Eurohelp Consulting enpresak.