ES | EU


2017ko Apirila 17


Startup bizkaitarra BIC-Ezkerraldea zentroan kokatuta dago.

 

Endika Nebredak, Transporter enpresaren fundatzaileetako batek, honelaxe definitu du bere konpainia: “Uber edo BlaBlaCar bezalakoa da, baina merkatu-gaien garraio sektorean kokatzen da”. Transporter erabiltzen ez diren baliabideen aprobetxamenduan oinarritzen da, partikularrek autoz egiten dituzten bidaiak baliatzen baititu peer-to-peer paketeriako zerbitzu berri bat eskaintzeko. “Elkarrekin harremanetan jartzen ditugu, batetik, hiri batetik bestera zerbait bidali behar duten pertsonak eta, bestetik, ibilgailuetan soberan duten lekua paketeak garraiatzeko aprobetxatu dezaketen gidariak” azaldu du Endikak.

 

Oinarriko prozesua oso sinplea da, bi elementu dauzka: onlineko plataforma bat eta bidalketak gorde eta jasotzeko puntu gisa funtzionatzen duen tokiko saltokien sarea (transporter stores delakoak). Erabiltzaile batek pakete bat bidali nahi duenean, sareko saltokietako batean uzten du paketea, eta Espainiako hiri batetik bestera joan behar duen norbaitek web orria kontsultatzen du bere ibilbidean bidalketaren bat ote dagoen jakiteko. Hala bada, erreserbatu eta saltokian jasotzen ditu bidaia hasi baino lehen. Iristean, jomugako transporter store-n utziko ditu paketeak.

 

Eredu abantailatsua da alderdi guztientzat: gidariei bidaiaren zati bat ordaintzeko modua ematen die; dendek, berriz, publizitatea eta bezero berriak lor ditzakete, eta bidalketa bakoitzeko komisio txiki bat ere bai. Bestalde, bidalketak egiteko modu merkeena da erabiltzaileentzat, 3 eta 12 euro bitarteko prezioak izaten baitituzte paketearen pisuaren arabera (gehienez 20 kg).

 

Sistemak funtzionatu dezan, segurtasuna da oinarrizko elementuetako bat. Horregatik, bidalketa bakoitza ikuskatzen da, egiaztatzeko ez dagoela debekatutako produkturik, eta erabiltzaile guztiek eman behar dituzte beren datu pertsonalak. Gainera, gidariek ere beren bankuko datuak eta fidantza bat uzten dute, paketea kaltetuta iristen bada edo galtzen bada ere. Endika Nebredak eta Jon Hurtadok sortutako Transporter enpresa aurtengo urtarrilean jarri zen martxan, eta gaur egun Estatuko 11 hiritan dago, Madril, Bartzelona eta Bilbo barne.

 

Transporter enpresak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du (BEAZen bitartez), eta BIC-Ezkerraldea Enpresen Garapenerako Zentroan dago kokatuta. Datozen hilabeteetan, startup-aren asmoa da hiri gehiagotara zabaltzea eta jasotzeko puntu kopurua handitzea; epe ertainera, berriz, beste herrialde batzuetara ere zabaldu nahi du.