ES | EU


2017ko Iraila 12


Europako Batzordeak bultzatzen du SocialChallenges plataforma.

 

Social Challenges Innovation Platform-en helburua da enpresa, erakunde eta ekintzaileak elkartzea arazo sozialentzako konponbideak garatzeko. Europako Batzordeak sustatzen du proiektua META Group taldearen, Impact Hub sarearen eta EBNren parte-hartzearekin, eta premisa honetatik abiatzen da: berrikuntza soziala funtsezko baliabidea da arazo sozialak aukera bihurtzeko, aldaketa sistemiko baten bitartez.

 

Plataforman bi profilek parte har dezakete, alegia, erronka bat aurkeztu nahi dutenek eta konponbide berritzaile bat eskaini nahi dutenek. Lehenengo kasuan, erronkak aurkeztu ditzakete enpresek –batik bat ETEek-, erakunde publikoek eta hirugarren sektoreko zerbitzuek. Konponbide hornitzaileei dagokienez, izan daitezke berritzaile sozialak, ekintzaile taldeak edo enpresa sozialak, baldin eta gai badira aurkeztutako arazoari erantzun bat emateko. Konponbideak garatu gabeko proposamenak izan daitezke edo lehendik existitzen den eta erronkaren premietara egokitu daitekeen proiektu bat.

 

Epaimahaiak bat aukeratuko du arazo bakoitzarentzat proposatutako ideietatik, eta aukeratuak 30.000 euroko finantzaketa jasoko du sei hilabetez ideia garatzeko. Prozesu horretan, alderdi biek konpromisoa hartzen dute elkarrekin lan eginaz prototipo formako konponbide bat sortzeko eta enpresan edo erakundean inplementatzeko. Guztira, 27 proiektu finantzatuko dira, eta ekimenak 2’43 milioi euroko aurrekontu globala izango du.

 

Datorren irailaren 15ean aktibatuko da lehen erronka txandarako konponbideak aurkezteko epea, eta abenduaren 15era arte egongo da zabalik. Egun horretatik aurrera aukeratuko dira garatuko diren ideiak eta, horrekin batera, bigarren erronda bat irekiko da, 2018ko martxora arte iraungo duena. Finantzatu daitezkeen konponbideen kupoa oraindik bete gabe badago, antolakuntzak hirugarren deialdi bat egingo du ekainean.