ES | EU


2017ko Ekaina 01


Euskal konpainia marketineko teknologien Martech 2017 panoraman agertu da.

 

Quarizmi startupa onlineko marketinaren eta automatizazioaren arteko batasunean espezializatuta dago, horretarako garatu duen teknologia propioari esker. Enrique Aguilera eta Ana Etxebarriak sortua 2014an, ikuspegi horri esker Estatu mailako aitzindari bihurtu da, salmenten potentziala biderkatuz AdWords publizitate kanpainen bitartez eta alde batera utziz onlineko ohiko marketin-enpresen lan egiteko modua.

 

“Geure ikerketa-taldea dugu, zeinak algoritmoak garatzen baititu marketin kanpainak sortzeko” azaldu du Ana Etxebarriak, Quarizmi enpresako operazio buruak “keyboard deskubrimenduak eta eskaintzak egiten ditugu Google AdWords enkante-plataforman, bezeroa landing page egokienera eramaten dugu, eta bilatzen ari denarekin bat datorren iragarkia erakusten diogu. Eta, gainera, prozesu hori zeharo automatizatuta dago”.

 

Enpresa sortu zen bi sortzaileek ikusi zutelako ez zegoela horrelako zerbitzuak eskaintzeko gai zen konpainiarik. “Bezeroaren aldetik gatoz, guk geuk ikusi dugu zein zaila den gaitasun muga horiek dituzten agentziekin lan egitea” adierazi du Ana Etxebarriak, “horrelako agentziek optimizatu egiten dute gehienbat, klik berberak eskainiz diru gutxiagoren truke, baina salmentarako aukerak mugatuak dira hala ere”.

 

Ikuspegi berritzaile horri esker agertu da Quarizmi enpresa Martech aholkularitzak urtero egiten duen marketin teknologien panoraman. Euskal startupa da txosten horretan -Search & Social Advertising atalean- ageri den Estatuko enpresa bakarra. “2014an, enpresa sortu genuenean, Enriquek gure logoa sartu zuen Martech-en koadrantean photoshop erabiliz, eta hauxe esan zuen: ‘azkenean, hementxe bukatuko dugu’. Esan beharrik ez dago oso gustura gaudela”.

 

Bostongo Cambridge Innovation Center zentroak aukeratu zuen konpainia 2016an Bizkaia International Startup Connection programaren bidez (6 hilabeteko azelerazio prozesua). Gaur egun, Bostonen dute egoitza, eta beren helburu garrantzitsuenetako bat da Estatu Batuetan egonkortzea, han egiten baita AdWords arloko inbertsio globalaren %80. “Gure helburua da nazioarteko erreferente bihurtzea” adierazi du Etxebarriak, “baina garrantzitsua da, baita ere, kudeatzen dugun enpresan langileek aukera izatea bizitza profesionala eta pertsonala uztartzeko, uste dugu balore horrexek bereizten gaituela enpresa gisa”.