ES | EU


2015ko Otsaila 06


Jessica Santiago Vélezek (Barakaldokoa), Nuria Tirapu Martinok (Iruñeakoa) eta Maite Trobo Rodríguezek  (Bilbokoa) elkarrekin ekin diote beren lehen proiektuari Komunikazioaren esparru zailean.

Unibertsitaterako lan batean elkartu zituzten lehenbizikoz beren gaitasun, emozio eta trebetasunak eta PORTU TV sortu zuten, zubi lana egiteko informazioaren eta Portugaleteko biztanleen artean.

Esaiguzue mesedez nola sortu zen ekimena. Unibertsitateko lan bategatik hasi zineten eta azkenean negozio proiektu bihurtu zen? 

Bai ongi esan duzu, ikasgai baterako proiektu gisa sortu zen ekimena (Tokiko Komunikabideak: Produktu Informatibo bat sortzea); tokiko komunikabide bat sortu behar genuen eta onlineko telebista bat egitea erabaki genuen, beste ikaskide batzuek berriz blogak, aldizkariak eta irrati bat ere sortu zituzten. Zerbait desberdina egin nahi genuen. Sekula ez genuen pentsatu negozio bihurtuko zenik, diseinatu egin genuen eta buru-belarri aritu gara lanean. Denbora asko behar izan genuen albistegia sortzeko; lan handia egin genuen iturriekin harremanetan jarri ginenetik amaierako edizioraino eta, gainera, askotan errepikatu behar izan genuen, platoko grabaketetan izan genituen arazo teknikoengatik. Lan gogorra da, baina kazetariak gara eta horixe izango da gure irtenbide bakarra hilabete batzuk barru ikasketak bukatzen ditugunean.

 

Sare sozialengatik badakigu portugaletetarren lehen inpresioa bikaina izan dela.

Bai, harrera oso ona izan dugu sare sozialetan eta batez ere Facebook-en. Asko eskertzen diegu herritarrei plataforma horien bidez gu babestu izana. Zorion eta animo asko jaso ditugu, ikus-entzunezkoen munduko profesionalak ere gurekin harremanetan jarri dira eta, besteak beste, herritarrak, bertako elkarteak edo alderdi politikoak ere hurbildu zaizkigu dituzten arazoak kontatzeko eta laguntza eskatzeko. Egia esan ez genuen halako harrerarik espero. Esker ona baino ez dugu eurenganako. Kritikak, berriz, gutxi izan dira; batez ere audioaren kalitateari buruzkoak eta guk geuk ere bagenekien hobetu beharreko alderdia zela. Eztabaida ere sortu dugu eman ditugun albisteetako batzuekin eta atsegin dugu hori, horrela jendeak bere iritzia ematen du eta. Baina, jakina, ez dugu inor “elkarri iletik tiraka” ikusi nahi.

 

Herriak, ostalariek eta bertako negozioek eskertuko dute PortuTv sortu izana

Bai eta horixe da, hain zuzen, gure helburu nagusietako bat. Herriko aktualitatearen berri emateaz gain, espazio bat eskaini nahi diegu Portugaleteko saltokiei beren burua ezagutzera eman dezaten eta ikusgarritasuna izan dezaten. Ateak zabalik ditugu hurbildu nahi duten portugaletetar guztientzat, gurekin harremanetan jar daitezke gure RRSSen bitartez, posta elektronikoan (portutvlocal@gmail.com), @PortuTV1 Twitter kontuan eta Portu tv local Facebook kontuan. Herritar guztiei zerbitzua ematea da gure lehentasuna eta zerbitzu horren barruan sartzen dira, noski, herriko saltokiak.

 

Kolektibo sozialak, kultur arlokoak, politikoak… ere jarriko ziren zuekin harremanetan?

Bai, esan bezala, elkarte eta alderdi politikoak zuzenean jarri dira gurekin harremanetan, ekitaldietara gonbidatu gaituzte, proposamenak egin dizkigute, laguntza eskaini ere bai, e.a. Alderdi politikoen iritzi guztiak entzuten ditugu, eta inpartzialtasuna mantentzen saiatzen gara. Esaterako, gure albistegian mutur bateko zein besteko interesak lantzen ditugu. Ez dugu inongo alderdiren zerbitzura jarri nahi, Portugaleteko herritarren zerbitzura baino ez gaude, haiek direlako herriko informazioaren iturri nagusia. Badakigu kazetaritzan ez dela existitzen objektibotasuna, baina saiatzen gara  objektiboki jokatzen.

 

Orain proiektua nola formalizatu eta sendotu aztertzen ari zarete. Nolako laguntzak jaso nahiko zenituzkete?

Denok dakigu une honetan arriskutsua dela negozio bat irekitzea, are gehiago komunikabide bat. Baina arriskatzen ez duenak ez du irabazten, eta une honetan Foru Aldundiaren, diru-laguntzen informazioa biltzen ari gara. Enpresa gisa sendotzeko behar dugun lehen elementua lokal bat da, beraz lokal bat alokairuan utzi diezaguketen portugaletetar guztiei eskatu diegu gurekin harremanetan jar daitezela. Badakigu baita ere Portugaleteko Udalak iaz diru-laguntzak eman zituela Alde Zaharrean saltoki berrien alokairuak ordaintzeko, baina badirudi herrian erroldatuta egon behar dela horretarako, eta badakizue gu ez garela hemengoak. Bestalde, ongi etorria emango diogu gure negozioa sustatzen edo komunikabideari oihartzuna ematen laguntzeko prest dagoen edonori.

 

Diotenez, etorkizun ez oso urrunean informazioko eduki gehienak ikus-entzunezkoak izango dira

Bai. Ikasgaian proiektua lantzen hasi ginenean ez genuen uste ikasgelatik aterako zenik, baina irakurria geneukan 2017a baino lehen erabiltzaileek kontsumituko dituzten edukien %70 bideoak izango direla. Ez dago oso urrun joan beharrik, mundu guztian erabiltzen diren Vine edo Instagram plataformetan bideo laburrak graba daitezke eta dagoeneko erreleboa hartu diote “txioei”; 140 karaktereak ahaztu eta bideora jo dugu. Horregatik uste genuen guztiz ikus-entzunezkoa den komunikabide bat askoz ere berritzaileagoa izango zela blog bat edo aldizkari bat baino. Nahi adina blog daude sarean eta aldizkariak gainbehera doaz, beraz buru-belarri sartu ginen gure albistegian.

 

Argi dago ikus-entzunezko hedabideak direla etorkizuna, baina inbertsio handia behar da jarduerari ekiteko; kamerak, ekipoak, materialak… ez dira merkeak

Orain arte oso oinarrizko ekipoekin lan egin dugu, ez baita benetako enpresa bat. Baina material berria erosi behar dugu kalitatezko lana eskaini nahi badugu. Hasieran ez dugu gauza handirik beharko: bideo kamera bat kalitate hobearekin grabatzeko, eskuko mikrofono bat eta paparreko beste bat, eta ordenagailu bat. Argi dago hori guztia guk geuk ordaindu behar dugula, baina, esan bezala, inbertitu egin behar da irabaziak eskuratzeko.

 

Portu TV praktiketarako laborategi propioa bihurtu zaizue azkenean, eginez ikastea al da ikasteko modu onena?

Egia esan, karreran zehar ez dugu asko ikasten telebistari buruz. Azterketak eta lan asko egiten ditugu, baina ez dugu kazetaritza bizitzen. Portu TV proiektua hasi genuenetik igaro diren 5 hilabeteetan gehiago ikasi dugu karrerako 4 urteetan baino. Pasa den udan benetako komunikabideetan egin genituen praktiketan ere asko ikasi genuen, bat Iruñeako Diario Noticias egunkarian aritu zen eta bestea 5W albiste agentzian (Telecinco, Cuatro eta Atlas). Albiste bila ibiltzeak, edukiak prestatzeak, iragarleak bilatzeak… horrek guztiak esperientzia eman digu.

 

Jarrai dezagun ametsetan. Non ikusten duzue zuen burua profesional gisa ikasketak amaitutakoan? 

Karrera ekainean amaitzea espero dugu, eta Portu TV proiektuan ikusten dugu gure burua, aurrera atera eta pixkanaka hobetzeko. Eta, batez ere, Portugaleteko herritarrei zerbitzua ematen. Eurentzat da gure esker ona, hasieratik egin dutelako proiektuaren alde eta horrek animatu gaitu aurrera jarraitzera.